Lehenengo zen haizea. Gero ura. Urak ekarri zuen lurra. Lurrak zura eta zurak enborra. Enborretik jaio zen adarra. Adarrean pausatu zen txoria eta txoriak ekarri zigun hitza, hitzak hatsa, eta hatsak Eusko Ikaskuntza.

Hitz segida honekin, kondaira baten berri ematen ari bailitzan, ekarri zuen Mitxel Etxekopar musikariak euskara EzBerdin Berdinak ikuskizun artistikoaren erdira. Nola liteke nik zuek maitatzea ezagutu ere egin gabe, eta zuek ni, ezagututa ere, ez maitatzea?

Larunbatean eman zion Eusko Ikaskuntzak amaiera Euskal Herriko hiriburuetan barrena jiran izan duen EzBerdin Berdinak ikuskizun artistikoari. Une magiko askok besarkatu zuten ikuslea. Batez ere, Leire Vargas poetak, gurasoetako bat andaluziarra eta bestea Salamancakoa dituela esan ostean, afektua zer den eta nola atxikitzen zaigun azaldu zuenean. Edota, Josune Velez de Mendizabal aktoreak periferiako herriez hitz egitean… Edota Mitxel Etxekoparrek, euskara nola ezin den maitatu ahal, horren gaineko errezitaldi poetikoa-musikala eskaini zigunean.

Ni, ekitaldiaren osteko besarkadek asaldatu ninduten. Alderdi abertzale zein ez abertzaletako jendeak, erdaldunek zein euskaldunek… “horrelako gehiago behar dugu” adierazi zidatenean… Eroso sentitu zirela entzun nienean… Eusko Ikaskuntzaren helburua horixe baitzen. Hainbat urtetan euskal nortasunaren gainean egindako ikerketen emaitzak ikuskizun artistiko baten bidez jakitera ematea, ikuskizunarekin berarekin ere hausnartzen jarrai genezan. Eta, batez ere, sentituz eta emozioen bitartez, komunitate berri bat eraikitzen hastea.

Erdaldunak eta ez erdaldunak eroso, euskaraz eta euskaratik eraikitako gune berean. Denak ikuskizunaren erdian. Denak aske, nahi zuten lekuan kokatzeko. Zer ikusi nahi zuten erabakiz. Eta ikuskizunaren bukaerako soka-dantzan parte hartuz.

Euskaldun zahar batek eta erdaldun peto-peto batek etxean bezala sentitu direla esaten dizutenean, gazteak gustura parte hartzen ikusten dituzunean, eta helduek zer pentsatu handia eman diotela aitortzen dizutenean… orduan zu, zu hunkitzen zara.