Nekez aurkituko dugu munduko alkateen artean hemengoak bezain kultur maila jasoa duenik. Izan ere, gure hirian sortu edo bizi izandako herritar xeheen eta ez hain xeheen bizitzak idatzi zalea dugu alkatea. Historia liburuetan lekurik ez duten gizon-emakume xelebreen istorioak bildu baititu liburu mamitsu batean. Hortxe ageri dira, konparazio batera, Jalamandruki, Perico de Alejandría edota Wenceslao Lekunberri “Uve”.

Bada nortaz idatzia gure hiriko jende xehe eta xelebreari dagokionez, garai guztietan izaten baitira horrelakoak; batzuk, gainera, gainerako herritarren zirikada gaiztoen jomuga izandakoak. XX. mendearen bigarren erdialdean, aunitz: Tokamari, Zurikaldai, Hojalata, Marinerito, Garesko Ijitoa, Maria… Bitartean, alkatetzak bultzaturik, hiriburuaren historia izan du ardatz azken hatsa ematera doan urteak.

Historialaria eta historia zalea baita, alkateak bere eite nabarmena eman dio 2025. urteari. Adibidez, ekitaldi andana egin dira Pompelo sortu zeneko 2.100. urtemugatik tiraka, eta aurtengo Batasunaren Pribilegioa, gainera, guztiz berezia izan da Karlos III.aren ohoretan, antzezpen ikusgarria eta guzti eginik katedralean. Urteurrenaren barnean, gure hiriko hemeretzi pertsonaia historiko eta ikur irudikatu dituzte Seminario etxeko fatxadako oihal handi ikusgarrietan, Udaletxe plazan, eraikina zaharberritzeko lanek iraun bitartean.

Ponpeio, Sarasate, Remigia Etxarren, Campion, Arazuri eta bertze ageri dira, baita San Fermin eta Caravinagre ere. Ikurretan, berriz, bertzeak bertze, Donejakue Bidea Iruñean, Osasuna eta Erdi Aroko burguak. Ikurren artean, ordea, ez da ageri hiri honek duen ezaugarri bereizgarri bat, aspaldi-aspalditik honat eta mendez mende Iruñeko alabek eta semeek aho-mihitan erabilitakoa; euskara, alegia. Hurrengo urtemuga batean izan beharko du.