Demokraziari eta giza eskubideei buruzko amets heze guztiak desegin zituen Trumpek bere agerraldian: ezin garbiago utzi zuen Venezuela bonbardatzearen eta Maduro presidentearen bahiketaren helburuak petrolioarekin bakarrik daudela lotuta. Neurri batean eskertzekoa da, orain arte Estatu Batuek munduan zehar burutu dituzten esku-hartze guztietan, azal gutxi gorabehera legezko batean bilduak, demokraziaren eta giza eskubideen aitzakia erabili izan baitute benetako interesak, interes ekonomikoak beti, estaltzeko. Orain azal legezkoak (nazioartekoak zein estatubatuarrak) ez dira beharrezkoak. Laster Nazio Batuek New Yorken duten eraikinean giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen museo bat, gauza hilen museo bat, antolatuko dute, atzoko mundua (barkatu, Zweig) gogoratzeko. Gazakoaz geroztik, bagenekin nazioarteko legea eta hori guztia iraganaren kontua zela, orain badakigu lurperatuta dagoela betiko.
Estatu Batuek ez dute oraingoz Venezuelako sistema politikoa aldatzeko inolako asmorik, Venezuelak Trumpek nahi duena (petrolioaren zerikusia duen guztia) txintxo-txintxo betetzen badu, noski. Bestela... Agerraldian, Corina Machado Bakearen Nobel saridun santua mespretxatzeaz gain, mundu osoa mehatxatu zuen: ez baduzue nik nahi dudana egiten, badakizu zer gerta daitekeen, gure armada geldiezina da. Era berean, adierazi zuen hemendik aurrera Estatu Batuek gobernatuko dutela Venezuela, inork ez daki nola. Lerrook idazten dudan bitartean irakurtzen ari naiz Colombia eta Cuba zuzen-zuzenean mehatxatu dituela. Baina beste herrialde bat izan daiteke. Groenlandia? Iran? Indartsuenaren legea da orain nazioarteko legea. Ez da etorkizunean gertatuko den zerbait, oraingo errealitatea da.
Narkoterrorismoa (sic) leporatzen diote Madurori (narkoterrorismo aurtengo hitza izan daiteke, ez dago hiztegietan) eta, beste akusazioen artean, armak edukitzea. Armak edukitzea? Benetan? Ez al zen bera armada guztien komandanteburua?
Ikaragarria da pentsatzea, eta patetikoa, orain dela egun batzuk elkarri inozo-inozo “Urte Berri On” desiratzen ibili ginela.