Izokinaren haragiaren koloreko aurpegia duen Trump kriminal horrek munduaren egoera geopolitikoa desorekatzeko kalibre handiko urrats beldurgarria eman du beste behin. Joan den asteko larunbatean Venezuela estatu subiranoko Caracas hiria eskrupulurik gabe bonbardatu ostean, Nicolas Maduro presidentea bahitu zuen ustelkeria eta narkotrafikoa leporatuta, New Yorkera eramateko eta bertan epaitzeko. Show moduko antolaketa baten irudietan ikusi genuen atxilotua leku batetik bestera eramaten, eraso militar haren ondorengo altxor preziatua balitz bezala, kondenara bidalirik.
Baina handik egun batzuetara prebisiblea zena baieztatu da, eta txatxan! badirudi gauzarik garrantzizkoena petrolioa dela, eta ez hainbeste Maduro.
Trump babaloreak ezin du onartu Txina herri horrekin harremanetan egotea, izan ere, Asiako dragoiak Venezuelako petrolio gordinaren zati handi bat erosten du bere monetan eta gainera energia azpiegituretan eta findegietan eta inbertsio handiak egin ditu akordioen bidez. Hori oso kaltegarria da AEBrentzat. Errusia ere tartean dago eta horrek azkura jasanezina ematen dio izokin kolorekoari.
Errusia eta Txina finantza-jardueretarako fronte bat sortzen ari dira gertuko etorkizun batean munduko potentzia izango direnekin, mendebaldeko herrialdeak kontuan hartu barik, eta horrek kolapso ekonomikoa ekar liezaieke laster asko.
Venezuela izan da lehen usurpazioa, eta mehatxua latitude haietan hedatuko da, Kolonbia eta Kuba herrialdeak ere aipatu izan baititu. Groenlandia ere ekuazioaren beste inkognita bat da. Ironiko batek idatzi duen moduan: Trumpek Groenlandia inbaditu nahi du, baina ez lur arraroak kontrolatzeko, legez kanpoko izotzarekin trafikatzen duten eskimalen kartelaren zapalkuntzatik askatzeko baizik.
Egia esan, laranja koloreko sasi-estratega dantesko hori Etxe Zurira pilotu automatikoarekin heldu zenetik mapamundia gero eta toki zaurgarriago bilakatzen ari da, kapitalismoaren izenean etika eta moralaren degenerazioa esponentzialki handitu baita.