Joan den ikasturtean baino aunitzez ere heldu gehiago ari dira euskara ikasten Nafarroan. Lehenago, lau mila pasatxo eta, orain, berriz, ia 5.500 lagun. Igoera, beraz, % 32 izan da. Lehen mailan (A1) are igoera handiagoa, % 54, hain zuzen ere. Azken bizpahiru urteetan, kopurua gora zetorren, baina ikasturte honetan izan du gorakada handi-handia, Euskarabideak doakotasunerantz jotzeko eman dituen pausoekin batera.
Relacionadas
Orain, izan ere, euskara hasierako mailan ikasten hastea doakoa da helduendako, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu baitu matrikula gastua. Euskarabideak, gainera, haratago jo nahi du doakotasunaren bidean. Igoera, bertzalde, Nafarroa guztian izan da eta, nabarmena, hemen sortutako jendearen artean izan ez ezik, baita bertze autonomia erkidego edota estatu batzuetatik etorritakoen artean ere, orain arte oso etorkin gutxi ari baitziren euskara ikasten. Azken horren haritik, aipatu beharra dago zenbait euskaltegi egiten ari diren ahalegina etorkinak erakartzeko, Arturo Campion, konparaziora.
Doakotasunarekin batera, bertze zerbait sumatzen da euskaltegietara erdal mundutik lehen aldiz joandako gazteen artean, hots, euskara modan ote dagoen, euskara “guai” ote den, Zetak taldearen itzala… Nolanahi ere, euskara ikasten ari direnen artean, bada kopuru horietan sarturik ez dagoen bertze jende bat, 13-14 irakasle jubilaturen borondateari esker dihardutenak.
Irakasleak bezala, ikasle guztiak ere erretiroan daude eta karrika Nagusiko Plazaran-en eta Kondestablen jasotzen dituzte eskolak, deus ordaindu gabe, eta irakasleek ja ere kobratu gabe. 250 ikasle inguru dira, 65, 70, 75 eta, are, baita 80 urtetik gorakoak ere, guztiak zintzo-zintzo astero, giro jator eta onean, bai eta bertze erritmo batean ere. Horrenbertzez, albiste pozgarriak, euskararen erabileraren inguruko berri ilunen artean.