Síguenos en redes sociales:

Inkonparezentzia

InkonparezentziaArtxiboa

Gure kultur ohituren berri jakin nahi zuen atera agertu zitzaigun inkestagileak. Morroi jakin-ustea eta sinesgogorra suertatu zen. Liburu apalak erakutsi eta telebistaren gelara pasarazi arte, non gure haurrak Dragoi bola ikusten ari baitziren, ez zuen osoki sinetsietxean nagusiki euskaraz kontsumitzen genuela kultura. Noizbait ailegatu ginen azken galderara: “Zer alderdi politikori ematen diozu botoa?”. Mutila aitzinatu zitzaidan: “HBri, ezta?”.

Zur eta lur utzi zuen nire erantzunak. Halere, zertan harritu? Ukaezina da. Euskarazko kultur produktu guztiak ez dira beti usaindunak ideologiaren aldetik, baina halako urrinttoadarielarik ezker abertzalearena izaten da hamarretik bederatzitan. Halakoak izaki haien egileak, hamarretik bederatzitan, ezker abertzalearen kosmobisioaren nola edo halako partaide, eta halakoak, orobat, hamarretik bederatzitan ez bada, bai hamarretik zortzitan, produktu horien kontsumitzaile helduak ere. Aunitzek ez dute horretan arazorik ikusten. Nik bai.

Euskal kultura aberatsagoa eta erakargarriagoa, ugariagoa eta handiagoaeginen luke aniztasun ideologiko handiagoak. Nolanahi den, gaur egun halakorik ez badugu, nori eskatu kontuak, ezker abertzaleari ala alor horretan etxeko lanak egin ez dituenari? Oroitarazi beharko da: ez dago inolako ezintasun ez fisikorik ez metafisikorik Otegiren alderdiari boto ematen ez dion inork euskal kultura sortzeko eta kontsumitzeko. Katalunian bada ezkerrekoa ez den kultura katalan bat, bere egileak, bere erreprodukzio bideak eta bere publikoa dituena.

Hemen 50 urteetan parekorik sortu ez bada, ez litzateke zuzena ezker abertzaleari egoztea, erein ez duenari eta landu ez duenari baizik. Penagarria da, baina ez ditzagun errudunak bertze inon bilatu. Bertze batzuen inkonparezentziaketa axolagabekeriak utzi dute plaza hori hutsik.