Azken egun hauetan, “Historiaren alde egokian” egotea, esanahi nahasia duen sintagma, edozeinek erabilitako moda-esaldi bihurtu da, hala aldarrikatzen duenak edo esleitzen dionak arrazoiz beteta dagoelako ideia helaraziz. Bada, nire oharrek engainatzen ez banaute, “bizitzaren maisu, denboren lekuko, egiaren argi, eta antzinatasunaren mezulari” Historia dela, maiuskulaz, idatzita utzi zuen Zizeronek jada. Beraz, nork ez luke alde egokian egon nahi? Aldi berean, zelako autokonplazentzia-grina... Eta hona hemen gu, dontankredo gisa, Netanyahu eta Trump nartzisista arriskutsu pare bat eutsiz. Beren aldekoek, nola ez, “Historiaren alde egokian” kokatzen dituzte, beste batzuek, berriz, alderik ilunenean non, bide batez esanda, beste hainbat gehiagorentzat lekua badago ere.
Ispiluari buelta ematen badugu, irudia alderantzikaturik ikusiko litzateke, baina paradoxiki ez legokeela ezer alderantziz, munduak kaos bera bizitzen jarraituko luke aktore berberekin. Azken batean, batzuek eta besteek gure erdipurdiko betikotasuna eszenatoki ezin hobea bihurtzen dute gehiegikeriarako eta hipokresiarako. Nere aldetik, ez dut inolako eragozpenik nire iritzia argi uzteko, norbaiti interesatzen bazaio, noski.
Gertatzen dana da ez dela soilik garai bakoitzeko tratatuek islatzen duten eta adituek aztertzen duten Historia, ze beste historiak badaude ere, azterketa ezberdin baten menpe baina era berean gupidagabekoa: gure kontzientzia propioarena. Horregatik, aurre egin behar izan diogun garai zoro honetan, ez dut nere burua sofisma eta sloganen bidez gidatzen uzten, beste batzuek Historiaren kontak eta aipamenak bereganatzen ditzatela. Nire konpromisoa egunez egun eraikitzen joan naizenarekin dago, etxean ikasitako balio etikoen gainean eutsitako historia, babestu eta transmititzen saiatu naizen izugarrizko balio duen ondarea.
Ez zait ñimiño edo hutsala den zerbait iruditzen. Aitzitik, komunitate bakoitzean iraultza isil baina geldiezina eragiteko eta bultzatzeko gai diren historioak dira. Maiuskulaz.