Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Ipar Euskal Herria eta Trebiñu

Ipar Euskal Herria eta TrebiñuArnaitz Rubio

Hautoeskunde eguna izan zen igandea Euskal Herrian bi leku desberdinetan: Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeak, Frantziako Errepublikarekin batera, eta Trebiñun, erkidegokoak, Gaztela eta Leonekin batera. Kontu bitxia.

Ipar Euskal Herrian ezin dugu hauteskundeena bukatutzat jo, bigarren itzulia baitute udalerri askotan, Baionan eta Miarritzen adibidez, eta hor daude negoziaketetan joan den igandera arte lehian zeudenak. Analistek diotenez, ezkerrak eta ezker abertzaleak lortu dituzten emaitzak onak izan dira oro har, tarte ilunak atzematen badira ere, eta eskuin muturrak ez du Ipar Euskal Herrian erdietsi Errepublikan zehar erdietsi omen duena. Gaitz erdi.

Trebiñuko bi udalerrietan hautesleen % 50 baino gehiago etxean geratu zen, eta hautetsontzietara hurbildu zirenen artean gehienek PSOE aukeratu zuten; hiztegi izena duen alderdia bigarren atera zen. Abascal, amurrioarra jaiotzez, Trebiñura joan zen kanpainan Trebiñu Burgos, Gaztela eta Espainia dela aldarrikatzera, hau da, probokatzera. Abascal eta bere taldekoak eliz ataritik irten gabe egon ziren kazetari batzuekin, kalean oihu antifaxistak eta betiko aldarrikapenak (Trebiñu Araba da) entzuten ziren bitartean. Ai, Trebiñu, bertako biztanleek hamaika aldiz eskatu arren, galdeketak eta guzti, hor dago oraindik kateaturik espainolismoaren esentziak jokoan daudelako. Beharbada, gogoratu beharko genuke eskualdean EAJ dela irabazlea udal hauteskundeetan.

Kataluniako “procés” hura bizi-bizi zegoenean, idatzi nuen hemen independentista katalanak arras xaloak ikusten nituela Espainiako demokrazian eta erreferendumetan zuten fedea zela eta; Trebiñukoa konpondu ez bada, nola konponduko da Kataluniakoa? Aterabidea erraza dirudi: utzi jendeari bere nahia adierazten. Baina zer jakingo du jendeak esentziez eta sinboloez?

Jakin berri dut Bildoze-Onizepeko (Zuberoa) auzapeza hilda aurkitu dutela; bere buruaz beste egin du, antza, hauteskundeak galdu eta gero. Eta aurreko auzapezak ere bere buruaz beste egin zuela. Txantxak egiteko gogoak joan zaizkit bat-batean.