Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Aberri Eguna hura

Aberri Eguna hura

Gogoan daukat, gogoan bai, urte asko iragan diren arren, asko. Agian 53-54. Orain 72 ditut. Beraz 18 edo 19 nituen garai haietan. Apirilaren 13a zen, Aberri Eguna bezpera. Gaueko ordu txikiak Buen Pastor katedrala inguruan, Korreos eta baita oraingo Koldo Mitxelena inguruan ni eta IAM (Ikasle Abertzale Mugimendua)eko beste ikasle, eta militante batzuk horma dezente goitik behera, esker-eskuin margotzen, “Apirilak 14, Aberri Eguna Borroka Eguna, Gora Euskadi Askatuta”. Prim kalera abiatu ginen Plaza Bilbora iristear horma luze-zabal bat zegoen (orain Santa Lucia Aseguruko bulego eder eta handi bat dago) eta horri ekin genion temati esaldi berarekin.

Eta halako batean “grisak”, agian ohartuak ziren Korreos inguru guztian zehar ulertzen ez zuten zerbaitez margotuak zeudela hainbat horma eta izkina. Gugana zetozen korrika txilibituak joaz. Ihesari ekin genion. Nik Renfeko zubirantz abiatu nintzen ziztu bizi bizian, hegan ia, eta hortik Paseo de Frantziari ekin nion. Bi gris nire atzetik, lasterka bizian, korrika ni harrapatu nahian. Baina, beti dago bainaren bat bizitzan, ni garai haietan 100 eta 200 metroko Gipuzkoako txapelduna nintzen, eta Errugbian “ala” gisa jokatu. Banekien zer zen korri egitea beraz eta beldurraren eraginez agian Europa txapelduna izatera iristeko punttan egongo nintzatekeen. Ezin ni harrapatuta, ezin, ezina ni atxilotzea korrika. Groseko kale ilunetan zehar galdu nintzen.

Eta hortik etxerantz poliki, poliki, arretatsu, kontuz, oso kontuz. Etxeko portalera sartu, arnas estua kontrolatuz. Etxean sartu isil isilik. Pasilloa, ondoren gela, arnas estua oraindik, eta ohera sartzeko punttan 5 urte gazteago anai Juanramonek beste bere ohetik niri: “Zer Joxe”?, nik: “Lasai Juanra, ezer ez, politikako gauzak, ez esan ezer amari ezta aitari eh, bale?”. Nik gogoan daukat une hura. Ez dakit nire anaia Juanramon gogoratzen den ala ez. Gero galdetuko. Eta arreba Arantxa, agian ez zen inoiz jakitun izan. Nik behintzat bai, gogoan daukat orduko Aberri Eguna hura.