Hotzetik berora joan zaigu Aste Santua, jantzi-erantzi garaiari ohi dagokionez. Txanoak eta xirak aste hasmentan; buru-has eta mahuka motz, akaberan. Bai hemengoak, bai turistak. Azken horietarik, saldo handian. Tira, hemengoak ere, turistak, baina bertze bazter batzuetan. Orain, negurik gorrienean ere ikusten da turistarik gurean.
Duela 95 urte ere, bazen kanpoko jenderik bisitan Aste Santuan, orduan ortziral sainduko “prozesioneak” erakarririk. “Frantses andana batek agindu du autocarsetan yin beharrak direla, eta hoteletan hartu dituzte ganberak aitzinetik” idatzi zuen Manezaundik 1930ean.
Orain, ordea, bertzelako kontuek erakarririk iristen dira, oroigarri dendek ederki salatzen duten bezala. Horrelako dendak non, turistak han, entzierroaren ibilbidean, alegia. Denak goiti eta beheiti San Domingoko aldapan, Udaletxe plazan, Merkatari dindan, Estafetan, bai eta zezen-plazan ere, kailejoia zabalik baitago barnealdea erakusteko.
Bidenabar errateko, bi irudi handi daude oraindik ere zintzilik zezen-plazaren kanpoaldean, zein baino zein itsusiago. Ez legoke batere gaizki haien ordez bertzelako irudiak paratzea. Konparazio batera, Cigak Sanferminei buruz egindako marrazki eder ugarietako bi. Erruki Etxeak bete-betean asmatuko luke.
Entzierroa alde batera utzirik, Cafe Iruña bisitatzea maite dute turistek, eta tabernetako pintxoak nahiz denda ospetsu batzuetako opilak ahogozatzea, atzendu gabe katedrala ere izaten dutela jomuga, bai eta San Jose plaza apaina zein Redin aldeko harresiak ere. Hortik kanpo, aunitzez ere gutxiago.
Orain, nonbait, gehixeago dabiltza Takoneran, Sarasateko estatua baliogabe lekualdatu berrien arrimuan. Harrapa zank! Eta turistekin batera, gidariak. Batzuen ahotik ederrak ateratzen dira. Entzierroaz, adibidez, asteon aditua: mundua mundu denetik egiten omen baita. To eta no!