Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeekin hasi zen prozesua bukatu berri da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria hautatu eta gero: EH Baiko kide eta, orain arte, Hiriburuko alkate Alain Iriart izango da lehendakaria. Lehen itzulian lau hautagai aurkeztu ziren: Alain Iriart bera, Jean René Etxegarai (lehendakaria zena, Baionako alkatea, macronista), Peio Etxeleku (EAJkoa eta Kanboko alkatea) eta Pascal Lesellier (eskuin muturrekoa). Etxegarai atera zen lehena (98 boto), atzetik oso gertu Iriart (80). Bigarren itzulirako Etxelekuk (48) iragarri zuen Iriarteri emango ziola boza. Hauek izan ziren bigarren itzuliaren emaitzak: Iriarterentzat 119 eta Etxegarairentzat 102. Ustekabea izan da batzuentzat, baina ez hainbeste Ipar Euskal Herriaren politikaren gorabeherak eta berezitasunak ezagutzen dituztenentzat; Etxegarairen kudeaketa zalantzan jarri da askotan, batez ere, barnealdearen eta kostaldearen arteko desorekaren harira.

Hego Euskal Herrian ezker abertzalea poztu da, baina badira eskandalizatu direnak EAJk ezker abertzalea aukeratu duelako. Batzuek ez dituzte kontuan hartzen hango politikaren ezaugarriak (bi itzulien sistema eta itunak, hautagaien garrantzia, Elkargoaren izaera bera) eta, ondorioz, barregarri geratzeko arriskua dute. Barregarriena PPko Javier de Andrés izan da; zera idatzi du gizonak sare asozialetan, gaztelaniaz, jakina: “EAJk Bilduren hautagaia erakunde frantses baten buru jarri du, Macronen hautagai zentristaren kaltetan”. Ez da barrez lehertzekoa? Hasteko, EH Bai ez da EH Bildu, lagunak izango dira, bai, maitaleak, nahi bada, baina ez da gauza bera. Eta zergatik kezkatzen da hainbeste Javier de Andrés erakunde frantses batean gertatzen denarekin? Frantsesa baldin bada, bost axola zer egiten duen EAJk, ez? Ala ez da izango erakunde frantses hori euskal erakundea ere? Badira Espainiatik haratago euskal gauzak, orduan? Javier de Andrésen burua eztanda egitear egongo da. Askotan arerio politikoari erasotzeko presa zentzugabeak norberaren hutsune eta ergelkeriak ageriago jartzen ditu.