Egun handia larunbatekoa eta, larunbataren aurretik, errege koparen finala bizitzeko egindako lanketa oro. Ez naiz bereziki futbolzalea baina esanguratsuak diren partidak ikusten ditut eta giroan ere murgiltzen naiz. Ez naiz Sevillaraino joan, noski, baina Alderdi Ederrean izan naiz eta baita partida minutuz minutu jarraitu ere. Futbolzalea izan ez arren, bai naiz koloreak babestu zalea eta herritarrek bizi dituzten koloreak defendatu zalea. Batez ere, kolore horiek, lurralde oso bat batzen dutenean.
Kasu honetan, Euskal Herri osoa. Lehen mailan euskal futbol talde bat baino gehiago egon arren, errege koparen finalera heltzen den taldea, euskal taldea bilakatzen baita. Eta kontrakoa sentitzen duenak, azter dezala zergatia. Kirolak ba du, taldearen koloreen baitan jendarte ezberdina batzeko eta munduaz ahanztarazteko ahalmena. Gertakariaren denboran (eta aurreko prestakizunetan, zein ondotiko omenaldi garaian, etab.) neutroa den espazio-denbora leiho bat irekitzekoa eta, guztiok, tunel horretan sartzekoa. Premia ere bai. Mundua hankaz gora dagoen une honetan, memeak erakutsi digun bezala, porteria baino handiagoa den baloia, porteria barruan harrapatuta geldiaraztekoa, ez atzera, ez aurrera. Preso, bere horretan. Koltxoneroen sareetatik heldu zaizkigu “puto Euskadi”, “putos vascos”, “puto ETA”, bezalako lelo maitagarriak.
Eta ez da kontra egiteagatik izan baina Sevillan eta Sevillari begira errealzaleek erakutsi duten batasuna eta koloreen aldeko maitasuna (ikurrinarekin batera eta Aitor Zabaleta ahaztu gabe) nahikoa aspirina izan da erregearekin batera jarri ziren madrilzaleei koloreak bizitzeko dugun modua erakusteko. Gaur futbolariei Donostian egingo zaien harreraren ondoren, lanera bueltatuko gara. Guk ere, koloreak bizitzeko daukagun moduaz hausnarketa eraikitzaile bat eginez. Eta sentimendu hori gure bizitzetako beste alorretara nola zabaldu dezakegun pentsatuz. Errealak errege kopa irabazi izana zoriontzeko gai izan ez direnek, gutasuna sentitzeko eta lantzeko arazo larria dute. Horiei, aparte eman beharko zaie jaten.