Palantir enpresa estatubatuarrak manifestu bat plazaratu du: ez hurrengo urteetarako plan estrategikoa, ez merkatuen analisia, ez balizko berrikuntzen aurreikuspena, ez enpresek usu plazaratzen dituzten agiri edo txosten horietako bat; ez, Palantirren manifestua ideologikoa da, politikoa.
Palantir enpresako zeregin nagusiak armagintza, makro-datuen analisia, softwarea, zaintza masiboa eta adimen artifiziala dira; bezeroak estatuak dira, Estatu Batuak batez ere, armadak, poliziak eta inteligentzia zerbitzuak, baina osasun arloan ere hasi dira. Manifestua Palantirreko nagusietako pare batek ateratako liburu baten laburpena omen da: The Technological Republic: Hard Power, Soft Belief, and the Future of the West, izenburua bakarrik ikaratzekoa da.
Manifestuak eskuin muturrarekin bat egiten duela esatea gutxi esatea da, haratago doa, teknofaxismoaz hitz egiteko ordua iritsi zaigu. Mendebaldea eta Estatu Batuak, batik bat, ororen gainetik daude; badira hortik beste kultura eta zibilizazioak, baina atzeratuta daude, eta atzeratuak dira, ez dira kontuan hartzekoak. Erlijioa zalantzan jartzea ez da bidezkoa, jendeak sinesmenak behar ditu hobeto kontrolatzeko. Politikarien bizimodua gehiegi aztertzea guztion kalterako da (ahaztu Epstein zerrendak eta gauza horiek).
Giza eskubideak bai, baina neurrian. Dirua egitea ondo dago, eta jendarte osoak onartu behar du hori segurtasunaren izenean. Japoniak eta Alemaniak armada handiak behar dituzte, gailentasuna Estatu Batuena da, noski. Arma atomikoen aroa bukatu da, adimen artifizialarekin arma hobeak eta hilgarriagoak lortuko ditugu.
Adimen artifizialak ez du giza enpatiarik behar. Langile publiko gehiegi dago. Armaden hobekuntza ez da inoiz eztabaidatu behar. Armadan erabiliko den adimen artifizialak ez du mugarik behar. Oraingo mugikorrak ez dira nahikoak jendea kontrolatzeko, beste zerbait asmatu beharra dago. Jendarte oso-osoak parte hartu behar du defentsan. Aniztasuna, inklusibitatea? Zer da hori?
Horixe, nire itzulpena. Jatorrizko testua edonon duzue.