Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Keinu txikiak

Senpereko Herri Urratz 2025eko argazkiakIker Azurmendi

33

Duela 40 urte baino gehiago lehen Herri Urrats antolatu zuten Senperen, Kilometroak, Ibilaldia, Nafarroa Oinez eta Araba Euskaraz euskal festak eredu hartuta. Hango ikastolei bultzada emateko asmoz sortu zen ideia ero hori, euskararen aldeko beste ideia zoro asko sortu ziren bezala, herri-ekimenez, eta ekinaren ekinez. Espero ez zuten arren, milaka eta milaka lagun bildu ziren euskarari hauspoa eskaintzeko. Joan den asteburuan beste edizio arrakastatsu bat egin zen, Geroa eraikiz, laku bat orroka lelopean. Beti ari gara geroa eraikitzen, etorriko direnen kontrako oztoporik egon ez dadin, baina oraina ere eraiki behar dugu. Euskararen babeserako baliabide politiko guztien engranajeak ondo olioztatu beharko dira, arerioen euskarafobiak kontra egin ez diezagun. Hizkuntza gutxituek badute indarra; gero eta boteretsuagoa izan dadila!

Euskal Herria herri ekintzailea da, borrokalaria, eta eskubide guztien aldeko lanean aritzen da jo eta su. Keinu txikien metaketak lorpen handiak dakarzkio normalizazioari.

Adibidez, larunbatean, hilaren 16an, Emakumeak gailurretan izeneko jarduera antolatu du Bizkaiko Mendizale Federazioak, eta mendian emakumeen presentzia ikusaraztea da helburua. Esparru horretako entitateek kirol-jarduera hori antolatu dute ikuspegi inklusibotik, emakumeen parte-hartze aktiboa bultzatzeko.

Antolatzaileek esan duten moduan, “Bizkaiko gailurrak emakumez betetzea da ekimenaren helburua (Gorbeiatik Pagasarriraino, Anbototik Kolitzaraino), emakumeek mendizaletasunean duten presentzia ikusarazteko eta gure mendietan duten lekua aldarrikatzeko. Igoko gara lehenago igo ziren emakumeengatik, eta, jakina, igoko direnengatik eta elkarrekin ikusgarriagoak garelako. Ez dio axola adinak, ezta esperientziak ere: pausoa ematea eta lagunartean egitea da garrantzitsuena”.

Egun horretan, eguerdiko 12:00etan, tontorrak emakumez beteko dira, eta seguruenik euskara ere entzungo da altueretan barra-barra, topaketa are ederragoa bihurtuz.