Gutxi nekien nik Adelante Andalucía-z: Teresa Rodríguez-en berri lausoa nuen, arazoak izan zituztela Podemos-ekin, erakunde horretatik kanporatu zutela edo, antikapitalisten taldekoak zirela edo, Andaluziako hauteskundeetara ez zirela ezkerreko beste taldeekin elkartuko, orokorkeriak baino ez. Ez diot kanpainari gehiegi jarraitu, diagonalean irakurritako kronikaren bat, inkestaren bat, Moreno Bonillak kanta bat atera zuela irakurri nuen (baina ez dut kanta hori entzun), eta une batean harritu baina gerora ahantzi nuen esaldi bat: Adelante Andalucía-k bere burua poztasunaren ezkerra bezala aurkezten zuela. Poztasuna? Alaitasuna? Bozkarioa? Hauteskunde gauean (hauteskunde gauak atsegin ditut beren infografia eta ehuneko horiekin guztiekin), berriro entzun nion esaldia Adelante Andalucía-ko bozeramaile José Ignacio García jaunari. Poztasunaren ezkerra.
Esan bezala, hasieran harritu nintzen: ez dakit poztasunik eska dakiokeen lan ezegonkorra eta soldata eskasa dituen bati edo ebakuntza baten zain egutegiari hilabeteak kentzen denbora ematen duen bati edo zaintza lanez itota dagoen beste bati, baina Garcíaren mintzaldi pare bat entzun ondoren, ulertu nuen zer esan nahi duen: serio aritzen da gizona, oso serio arazoez hitz egiten duenean, baina segituan serio eta alai aldarrikatzen du poztasunaren eskubidea, ondo bizitzearen eskubidea. Poztasun hori ez da norbanakoarena bakarrik, noski, haratago doa, poztasun kolektiboa da, arazoak, eta beraz aterabideak, ez baitira norbanakoarenak, kolektiboak baizik.
Egia da ezkerrak, edo ezker mota batek, behintzat, balizko hautesleoi begitarte zakarrez hitz egiten digula, errieta egiten ariko balitzaigu bezala, aspaldiko sermoi baten tonu agintzaile eta hotzez. Horregatik arnasa hartu dut poztasunarena entzun dudanean. Errieta beste batzuek merezi dute.
Ausardiaz eta poztasunez jokatuko dutela irakurri dut Adelante Andalucía-ko paperetan. Askotan errepikatzen duten binomio hori gustatu zait, ausardiarik gabe ez dago poztasunik, eta alderantziz.