Joan den astean, maiatzaren 20an, Himalaiako Everesteko tontorrean 274 pertsona pilatu ziren. Munduko mendirik altuena gero eta eskuragarriago, domestikatuago dute, eta ondorioz, errekor historiko hori, seguruenik, datorren urtean gaindituko da, milaka altuera-turistek izan nahi baitute heroi.
Egun horietan zabaldu ziren irudiak beldurgarriak dira. Soka batetik lumazko jantzi koloretsuz ehunka pertsona zintzilikaturik, karabana luze eta motela eraginez, eta malda luzean lerro luzeegia sortuz.
Aurten eguraldia oso kaxkarra izan da, eta sasi-alpinistek arazoak izan dituzte goraino heltzeko. Horrexegatik eguraldi oneko lehen egunean denek izan zuten ideia bera, eta gorantz abiatu ziren. Denek eramaten dute sakeleko telefonoa une heroiko hori grabatzeko eta nartzisismoaren dosia lau haizetara zabaltzeko. Mila irudi agertu dira toki orotan, baina zorioneko unea izan zitekeena ez da hain ederra izan. Jende-metaketa itzelak izan dira ertz zorabiagarrietan, eta kaos, estualdi eta atasko dezente ikusi dira lekurik transitatuenetan. Oihuak eta bultzadak ez dira falta izan. Hori guztia munduko mendirik altuenean, toki aratz batean. Haraino ere masaren globalizazioa heldu da dena kakazteko. Bertako mendizaletasunaren modeloa aldatu beharko da, bestela dena larriagotuko zaigulakoan nago.
Irudi beldurgarriak, grabazioak, zorioneko unea, oihuak, bultzadak, kakaztu, modeloa,…. Hitz horiek beste zerbait deskribatzeko ere balio dute. Gaur egun edonon ditugu irudiak, kalitate handikoak, angelu guztietatik ateratakoak, eta ebidentea dena zure begiekin ikus dezakezu.
Eta irudi batzuek erakutsi dute ertzainek neurririk gabeko agresibitate batekin kolpatu zituztela perbertsioz beteriko gaztigu grutesko batetik zetozen Flotillako kideak. Lagunak, familiak besarkatzera zetozen, eta zorioneko unea izan zitekeena ez zen batere ederra izan. Biolentziarik gabeko egoera sor zitekeen, erraz gainera, baina biolentzia agerrarazi nahi izan zuten.
Gero, grabazioak, oihuak, bultzadak, modeloa, kakaztu, … eta dena izugarrikeria bat.