Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Haizearen igurtzira

Haizearen igurtziraLavandeira Jr

Gertakari batzuek munduaz adiskidetzen laguntzen dute. Edo munduaz barre egiten. Edo norbere ingurumariaz baketzen. Maiatzaren 30ean, Espainiako Armadaren Eguna izan zen eta Vigon ospakizunak egin ziren, hiru ejertzitoen eta Guardia Zibilaren erakustaldiarekin. Vigoko hiria urduri esnatuko zen larunbatean. Den-dena ondo atera zedila eskatuko zuten. Gainera, lehenbiziko aldiz, Leonor printzesa erregearekin izatekoa zen.

Desfilea hasi ez beste, berehala eman zen jakitera, eguraldi kontuengatik, aireko akrobaziak egiten dituen espezialista ez zela aterako. Ez genuela bandera zerutik jaisten ikusiko, alegia. Egiari zor, bateren batzuek arnasa hartuko zuten.

Kontua da, momentu nagusira heldu zirenean, itsas armadako ordezkariek bandera igo behar izan zutela. Igo, egia esan, igo zuten. Baina bandera goian zegoela tenkatzen saiatu zirenean, soka puskatu eta hiru koloretakoa lurrera erori zen. Ez zen inor arineketan hasi, ez zuen inork aurpegi txarrik jarri, erregeari ez zitzaion begirik ere mugitu.

Gaur, bururen batek, banderaren antzera, lurretik arrastaka egingo duen arren, eta Espainia erdia dezepzionatu zen arren, ez zen ezer gertatu. Ezbeharra izan zela esango du norbaitek. Urtero gertatzen dela zerbait, beste batek. Batzuoi irribarre maltzurra irudiko zitzaigun ezpainean, txarrik opa ez arren, hiru kolorekoa lurrera amiltzen ikusteak halako barealdi ulertezin bat dakarrelako gure barrenera.

Galdetzen du batek, itsas ejertzitoak bandera bat igo eta lotzeko behar den soka erreta edo gastatuta badauka, zein den, benetan, ejertzitoaren indargunea. Bestearen etxean ez dira egunik onenak. Ez eta bandera airera ateratzeko ere. Ez dago gehiegi pentsatu beharrik nola sentitu daitezkeen asmatzeko.

Guk haizea alde dugun honetan, ez dugu aire akrobatarik eskatuko. Ez dugu zerutik ezer jaitsi dagigun behar. Baina bai eskatuko dugu, gure herrietan, ikurrin gehiago. Han eta hemen ikurrinak jar ditzagula. Ondo lotutako ikurrinak. Ikurrin koloretsuak. Aldeko haizearen igurtzira dantzatuko direnak.