Erraz hitz egiten dugu eta erraz txalo egiten ere. Errazegi hunkitzen eta handitasunaren aurrean makurtzen. Dabilenari aisa atea ireki eta bidea egin dezan uzten.
Leon XIV. Aita Santua bueltan da, berriro, Vaticanon. Felipe VI. Erregearen Falcon hegazkinean bueltatu dela jakinarazi digute. Ez dakit zergatik kontatu diguten hau guztia. Ez dakit zein den albistearen garrantzia, ez bada, behin berriro, Espainiako estatuburua eta Aita Santuaren arteko harremana agerian uztea.
1982an, Juan Pablo II. Loiolara etorri zenean, gure aitak, familia osoa autobusean sartu eta Loiolara eraman gintuen. Garrantzitsua zela hura entztera joatea esan zigun. Esateko zuena entzutea. Gutxik hitz egiten zutela hark bezala. Ordutik, iruditzen zait ona dela bakean eta maitasunean oinarritutako mezua dakarren edonor entzutea eta, are gehiago, entzute hori komunitate gisa gauzatzen bada. Zentzua eta indarra ematen diolako. Eta gure ohiko bizitza presatuan espazio eta momentu gutxi ditugulako komunitatea osatuko duen inor entzuteko.
Eztabaidagarria iruditu zait, ordea, Espainiako Legebiltzarrean Aita Santua hartzeko egindako ahalegina. Galdetzen diot ene buruari, aurrerantzean, beste erlijioetako buruei ere ateak irekiko ote zaizkien, edota akonfensionala den estatu batean, zuzena ote den erlijioaren eta estatuaren arteko bateratasun hau herritarrei erakustea.
Gogorra egin zait, egia esan, Leon XIV. Aita Santuak abortoaren eta eutanasiaren kontra hitz egin ostean ere, hainbeste kostatu diren legeak bultzatzeko hainbeste borrokatu behar izan duten legebiltzarkideak txaloka ikustea. Tripak irauli zaizkit.
Aita Santuaren hitzek, oro har, harrera ona izan dute. Batik bat, deserosotasuna eragin duten adierazpenak alde batera utzi direlako. Elizaren barruan izandako sexu-abusuen biktimen inguruan ezer gutxi aipatu du Leon XIV.ak, eta berdintasunaren ikasgaiak Elizaren baitan oraindik nabarmen zintzilik jarraitzen duen arren, emakumeok ere txalo egin diogu. Errazegi egiten dugu, bai, txalo.Gaudí-ren Familia Sakratuaren handitasunaren aurrean txiki geratu garelarik, zentzu guztietan.