Zahartzaroaz pentsatzen hasi behar dudala esan dit lagun batek eta, nire baitan, zerbait apurtu da. Eta ez da gaia ekiditeko defentsa-bidea. Oraindik ez dela nire momentua iritsi, besterik. Norbera baino urteetan helduagoak diren pertsonekin ibiltzeagatik gertatzen zait hori. Zeren eta beti da ona aurretik dihoaztenak entzutea eta beraien esperientziatik edatea baina bidea, norberak egin beharrekoa da. Inork ordezkatu ezin dezakeena.
Eta, bat-batean gogoratu dut, gaztetan aitarekin izan nuen haserrealdirik handienean, erortzen uzteko eskatu niola. Berak, hartu nuen nondik norakoa ikusita, oker nenbilela esan eta zuzentzeko gomendioa egin zidan. Aldamenean izango nuela. Hori ere gehitu zuen. Eta hain nik-badakit-zer-behar-duzun esaten zidala iruditu zitzaidan, erortzen uzteko eskatu niola. Arazoa nirea zela.
Eta, aitak iragarri bezala, erori egin nintzen. Eta zutitzen lagundu zidan.
Bada, halako zerbait sentitzen dut zahartzaroaz pentsatzeko gomendioarekin ere. Bidegurutze batean nagoela dirudit. Nire lagunak hartu du bide bat. Nik ez, ordea. Eta aurrera begirako erabakiak hartu beharrak handi datozkit, une honetan. Carmen Posadas-i irakurri diogu esaten ez dela jubilatuko. Idazten jarraituko duela. Boligrafoa eskuan duela hilko dela.
Nik ez dakit etorkizuneko nire gela, etxeko leku hori nirea bakarrik izango dena, nolakoa izatea nahi dudan ere. Izan ere, bi gela behar ditudala konturatu naiz. Bata, fisikoa. Lorez jositako belardira bistak dituen leihoari bizia ematen dioten lau pareta, zeinetan nire irakurketen eta idazketen arrastoa utzi dezakedan, ordenatu behar ez den bizitza baten irudi. Eta, bestea, intimoa. Paretik gabeko leiho irekia, mugarik eta baldintzarik onartzen ez duena. Inoren sartu-irtenik gabeko denbora biziko duena.
Zahartzaroa prestatzen ari diren lagunei ez zaie gustatzen jubilatzen direnean zer egin behar duten galdetzea. Gaur egiten duten horretan dagoelako beraien izateko modua. Eta hori, egunero lantokian fitxatu behar izatetik oso urrun dago.
Zure gelako atea betirako ixteko eskatzea bezalakoa da jubilatzen zarenean “beste zer” egingo duzun galdetzea.