Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Alarma gorriak

Alarma gorriakMarkel Fernández

Sorbeltz gutxi ikusten da zeruan bero sapa itogarriarengatik. Arratsaldean berpizten dira, baina egunean zehar ikusten diren txori apurrak mokoa zabalik mugitzen dira harat honat, hatsalbo. Txorrotxiorik ere ez. Hain da infernuzkoa abailduta gauzkan bero zital hau.

Alarma gorria ezarri dute Euskal Herrian. Afrikatik zabalik dagoen lehorgailuarengatik gure geografia osoan eman diren tenperaturak inoizkorik beroenak izan dira, eta zenbaki berriak ezarri dituzte meteorologiaren ikerkuntzarako eta estatistiketarako. Datuak beldurgarriak dira, badakigulako klima aldaketa krudel honek bero bolada gehiago ekarriko dituela sarri, eta horiek gero eta ahaltsuagoak izango direla, gogorragoak, pairaezinagoak. Egunotako tradiziozko San Joansuak ez dira herri askotan egin, eta bertan behera gelditu dira sor litekeen arriskuagatik. Espainian eta Europan ere antzera dabiltza. Mesedez, landatu zuhaitzak. Milioika.  

Beste alarma gorri bat ikaskuntzaren munduan piztu da. Ikasle batzuek euskarazko azterketa suspenditu dute. Nota negatiboak zerotik gertu izan dira. Ez dira lehenak izango, ezta? Euskara oso gutxi dakiten seinale. Hala baieztatu ahal izan genuen telebistan bertan zekiten euskararen maila erakutsi zutenean (Buf!). Matematikako, historiako, filosofiako azterketan kalifikazio hori lortu izan balute, euskarafobia usaina duen hika-mika hau zabalduko zatekeen? Argi eta garbi esanda, ez. Baina euskara da, bro!, eta euskararen kontra denak balio du. Batzuen obsesioa da euskara, bai eta hari dioten herra galanta ere. Hau A ereduko fartsa kolektiboaren emaitzak dira.

Beste alarma gorri bat kirol-elastiko batek piztu zuen ultraeskuindarren artean duela aste batzuk. Kontu bera. Kasu horretan, Euskal Herriko mapa marraztuta zekarrelako Athletic taldearen kamiseta berriak. Baina akaso ez dugu inoiz ere kantatu:“….Gaztedi gorri-zuria, zelai orlegian, Euskal Herriaren erakusgarria. Zabaldu daigun guztiok irrintzi alaia, Athletic, Athletic. Zu zara nagusia,…..

Bada, horixe, euskara aprobatzeko euskara jakin behar da, eta gure taldea Euskal Herrikoa da. Kitto.