Mugica jaunaren asasinatzea eta tortuaren itzal bildurgarria
Orain egun batzuk izan zen Mugica Leitzako kontzejala ustez hil zutenen epaiketa. Ikaragarri pertsona on eta errugabe baten asasinatzeak nolako errestoak eta zuloa utzi duen bere familian, lagunartean eta herrian! Eta alargunaren begirada zorrotzaren kontuak egunkariak zipriztindu ditu. Zubeldiaren nahigabea eta amorrua? aipatzeak ez nau batere harritzen, gizakiok oinazeak eta saminak hunkitzen gaitu, eta gure gogoa ximurtzen digu. Baina, bihotzaren gainetik, arrazoia ere erabili beharko dugula deritzot. Eta Mugica errugabea horrela hotz-hotzean, Leitzako karrikan seko botatzeak oroitarazten dit Herri Batasunaren ponentzia Oldartzen deitua eta "oinazearen sozializazioa" deitu teoria: Guk sufritzen badugu, besteek ere sufritu beharko dute eta denok ikasten dugunean zer den sufritzea adostuko dugu nola saihestu oinazea. Hori zen orduan sortu zen teoria oker eta anker hura.
Hala ere, afera honek badu beste alderdi bat, girbinera, Iparraldean esaten duten bezala edo ifrentzua edo infrentzua Gipuzkoa aldean. Eta hau ia inork ere aipatu ez duena, ez politikoek eta komunikabideek; jakina, epaileek gutxienik. Eta ifrentzua edo infrentzua aipatu baldin badut, ifernua edo Infernua ere kakofoniaz aipa nezake. Infernua baita Mugicaren hilketa dela eta sufritu zutena, Mikel Soto, Aurken Sola eta Jorge Txokarrok, zeinak atxilotuak izan baitziren, Mugica hiltzeaz akusatuak, bederatzi egunez polizietxean atxilotuak, uste eta zantzu guzien arabera basatiki torturatuak, zeren aitortu ere aitortu baitzuten berak izan zirela hiltzaileak; bi urte pasa baitzituzten kartzeletan, beren bizi guziko kartzelaldia pasatuko zuten segurtasun guziarekin. Hauek ere Mugica zinegotzia bezain errugabeak ziren eta orain, inork ere ez ditu aipatu, gutxiago diete barkamena eskatu; eta ordaina ere ez diete inork ere emanen. Kontua ez da salagarria, okerragoa da, kontua ikaragarria, bildurgarria eta loa kentzeko modukoa da. Eta dena, oinazearen sozializazioaren estrategia ber-beragatik, Estatuak aplikatu duena zorrozki eta bortizki, inongo kupidarik gabe, hau da, dena da ETA eta, ondorioz, dena da zilegi ETAren kontra.
Mugica ezagutu nuen. Soto eta bere hiru lagunak ez ditut ezagutzen. Hala ere, bihoakie denen familiei ene elkartasuna beren oinaze eta saminetan. Oinazeak ez bagaitu elkartzen zerk elkartuko gaitu? Biktimen aurrean, biktima guzien aurrean errespetorik ere ez ote dugu erakutsi behar? Ez, ez da onargarria hemen egin den bereizketa eta ezikusia.