Dakigun bezala, Euskal Herria kontraesan lurraldea ere bada gure lurra eraikitzen dutenen artean. Hori gertatzen zaio jende askori Sanferminetan. "Bai, ez dut batere gustuko zezenketa, baina izugarri ongi pasatzen dut zezen plazan". Halako komentarioak bolo bolo, poliki baino irmoki, jarrera asko aldatzen ari da Iruñean are zezen plaza zale "ekologista horien" artean ere. Aurten, Alfabetatze Euskalduntze Erakundearen partetik, albiste pozgarria dugu halako zaletasun odoltsua ez dugun bestelako ekologistok.
Urtero bezala, AEK-k "jaiak musutruk!" delako kanpaina abian jarri du eta, lehengo kanpainetan ez bezala, aurten zezenketarako abonoa kendu dute sari moduan. Beharbada, gure kulturaren alorrean landatzen dutenek azkenik ulertu dute animaliak torturatzea guztiz urrun dagoela edozein arte ederretatik, baita labar-artetik ere.
Mila esker animalien duintasuna defenditzeagatik, hala izan bada. Orain bai, harro esan dezakegu Ama Lurra zain dezagun. Izugarri pasatzen segitzen duten horiei esan diezaiegun gehiago begiratzeko zezenari eta gutxiago toreroari. Arnasa hartu ezinean dagoen horrean aurrean jartzea ausardia behar al da? Ah!, eta horretaz ari garela, sekulako sariak aizue!: gosariak, bazkariak, afariak eta poteoak hainbat jatetxe eta tabernetan bederatzi egunetan guztietan, lau pertsonentzako asteburu bat landetxe batean, pilota partiduetarako bi abono eta, gainera, bi matrikula dohainik! Mundiala. Nik, behinik behin, boletoren bat hartuko dut euro "ekologiko" baten truke. Esker aunitz, AEK.