Joan den azaroaren 22an, El Mundoko paperezko edizioaren azaletik, Vargas Llosak "nacionalistas inofensivos" deitzen zituenen arriskuaz ohartarazi du Espainiako gizarte ustez demokratikoa: kultuak dira eta moderatuak dirudite, gizabidez eta asertibotasunez defenditzen dituzte beren usteak, goxo eta trebe mintzatzen dira; baina kontuz, zibilizazioaren maskararen azpian betiko munstro irrazionala eta odolgosearen biho-tzak egiten du taupada. Katalandarrak buruan zituela botako zuen kanoikada Vargasek, hain segur, baina zer pentsatua ematen du, Brechten hipererrepikatu hura gogoan: lehen okinaren bila etorri ziren, baina ni okina ez nintzenez? eta abar.
Hau dena etorri zait burura Aingeru Epaltzaren artikulua irakurrita (DIARIO DE NOTICIAS, 2013-11-26), zeinean, Guardia Zibilaren txostena deitoratu eta gero, ezker abertzalearen berezko gaiztakeria azpimarra-tzen baitu, kasu honetan euskarari egiten omen dizkion kalteak ere deitoratzeko. Ez da lehen aldia eskuin abertzalearen ordezkari seinalatu bat ezker abertzalearen errepresioaren kontura abantaila politikorik ateratzen saiatzen dena, ez horixe; bai ordea, horretarako eskuin nabarristaren enkargu makur eta zikinenetako bati erantzunez, Guardia Zibilak egindako txosten bat baliatzen duena.
Ez dakizkiola Vargas Llosak hauspotzen dituen mamu antidemokratikoak eskuin abertzaleari inoiz ailega, are gutxiago benemeritaren txosten baten eskutik; baina iristekotan, nire elkartasuna edukiko du, doan, ezker abertzalekoak omen diren eta ez omen diren irakasleek orain daukaten bezala, beste edozein interes eta kontsiderazioren gainetik. Trikorniominik ez, ezta buruko soila tapatzeko ere.