Tenoreak halaxe lagundurik abiatu naiz Beratik Euskaraz bizi gara dioen kartelpetik gaztelaniazko eleak sarri-sarri entzunez; adineko jendea ibilian dabil.

Ibardin ala Lizuniagarantz jo da nire zalantza. Aurrez, ordea, ikustalditxo bat egin diezaiodan Altzateko Itzea inguruari. Garai batean bai! Irakurketa, ikasketa, ikerketa, bakea, bizia zen inguruko giroa. Gaur egun, aldiz, bakea besterik ez da sumatzen Pio Barojak 1953an zioen bezalaxe: Itzeako leihoetatik Saltel errekaren ur-emaria entzuten da. Leiho erdi itxi eta ate tzarrok XX. mendearen hasierara garama-tzate. Baina errekan badabil zerbait; aingira eder eta dotorea azaldu da zubipetik eta ez bat ez bi zokoratu egin da. Beha eta beha egon natzaio baina bere bideari jarraiki dio; bere munduan hobe; Barojak zioen bezala “niri berdin zait hiri handi bateko jendez betetako kalea edo mendiko bidezidorra. Ez dut ezertxo ere espero ez batengandik ezta bestearengandik ere. Behar gutxiko gizakia naiz. Neguan besaulki zahar batetik suari begiratzea eta udan etxeko leihotik inguru berdea ikusmiratzea besterik ez dut behar; nahikoa eta soberan dut”.

Etsita Lizuniagako patarrari heldu diot, bideko baserri ederrak dastatuz. Zain dut lepoan zorioneko iturria, bideko neke eta sufrikarioak asetzeko. Beti bezala topatu dut zorrotada, betiko emanean eta betiko egonean, inguruko lokaztia lagun. Ur ona eta edangarria, baina Lizuniagako iturriak txukundu bat merezi du, arren. Hainbeste jende, ehiztari, ibiltari eta bizikletazale iragaiten gunea. Bertatik Ibantellira nahiz Larrunera joan naiteke. Bertatik sartzen da Xaretara (Sara, Zugarramurdi, Urdazubi eta Ainhoa herrien arteko senidetza). Bertan da Paul Dutournier Sarako auzapezaren oroigarria. Bertan lasai asko egon daiteke garai bateko Ipar-Hego mugan. Lizuniagako iturriak merezi du.