la carta del día

Aniztasuna aberastasuna delako... Gela alternatiboak ere Korrikara!

04.04.2022 | 00:29
Aniztasuna aberastasuna delako... Gela alternatiboak ere Korrikara!

2022arekin batera badator 22. korrika ere! Amurrion emanen zaio hasiera hamaika egunetako lasterketa erraldoi honi eta hamaika txoko, hamaika oihu egin ondotik eta hamaika eragile, herri zein elkarteren aldarrikapen entzun ondotik Donostian emanen zaio akabaila.

Nafarroako D ereduko gela alternatiboek (Berako Ricardo Baroja eta Toki Ona institutuak, Etxarri Aranatzeko Andra Mari ikastola, Iruñeko Hegoalde ikastetxe publikoa, eta Iturrama institutuak eta Sarrigurengo institutua) ere hor egon nahi izan dugu, gure geletatik karriketara salto eginez. Euskal herritar guztiekin korrika egitera animatu gara gure bizipoza korrikalari guztiekin partekatzeko asmoz eta azken aldian hain burumakur dagoen gizarte honetan irribarreak ereiteko itxaropenarekin.

Nafarroako Hezkuntza departamentuak apostu handia egin du aniztasun funtzionala duten ikasleak bertze ikasle guztiekin batera euren herrietako ikastetxeetan egoteko gela berriak irekiaz eta inklusioa bultzatuz. Azken finean ikastetxe bat gizartearen antzera, lorategi bat dela erran genezake eta lorategi bat eder egiten duena bertan dauden landareak eta landare horien zaintza izan ohi dira.

Lorategi batean zenbat eta landare mota gehiago eduki eta landare horiek zenbat eta lore gehiago izan orduan eta ederragoa bihurtzen da. Gizartean ere gauza bera gertatzen da eta gu gizarte horretako landareak garela erran genezake. Haritzak, pagoak, pinuak, gereziondoak, sagarrondoak, kaktusak, bonsaiak... jatorriz, formaz, tamainaz... denak desberdinak baina denak bizidunak eta denak beharrezkoak!

Hortaz, aurtengo korrika, askotan itzalean geratzen diren landare horiek eguzkitara ateratzeko aprobetxatu nahi dugu. Modu honetan eguzkiaren argiarekin eta inguruko guztien besarkada, txalo eta aipamen politekin euren hosto ximel guztiak lore koloretsuetan bilakatuko baitira!

Begirada aldatzean dago gakoa, askotan gu geu izaten baikara mugarik ez dagoen tokian mugak jartzen dituztenak. Eta, nola ez, guk ere korrika egiten dugu, askotan tranpa txiki batekin bada ere! Beraz, apirilaren 5ean arratsaldeko 17:24etan Azantzan izanen gara 1291. Km-an korrikaren lekukoarekin batera.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Tipi tapa korrika abestian aipatzen duten bezala: "Ez gara otsoen mende izuak jotako bildotsak". Ah, eta bidez batez, eskerrik asko hirukote honi guregatik egiten duzuen guztiagatik, ekimen asko baitira gure eskubideen alde egin izan dituzuenak! Zorionak sudurgorriei, merezitako omenaldia jaso baituzue aurtengoan!

Nafarroako gela alternatiboetako ikasle, profesional eta familiak izenean

noticias de noticiasdenavarra