Udako beroengandik ihesi, goietako pagadietara igotzeko tenorea da.

Harrespilak (J.M. Barandiaran Aierbe, Manuel Laborde Werlinden, Tomás Atauri Manchola / Luis Peña Santiago), Vallet-en baseliza eta beirateak, Oteizaren harri beltzezko eskultura (1992ko abenduan mailukadez ertzak hondatua) eta Memoria Historikoaren inguruan 2020an ezarri zen oroit-gunea (1939-42ko bortxazko lanak) dira, besteak beste, Agiña mendiaren bereizgarriak. Endara aldetik nahiz Lesakatik igota bertaratu daiteke eta inoiz desegiten den bakearen gunea dirudi.

Maiatzaren 27an ere izan nuen guzti horiek ikusi eta miresteko aukera, baina gaur abuztuaren 9an lepoan etenaldia egitean, zutikako informazio-panelaren aztarnarik ez zegoela ohartu naiz; oinarria bai. Zer gertatu da?

Beheraka, Endarako urtegiaren alboko San Antona iristean, Agiñan desagertutakoaren bikia topatu dut ermitaren goiko sarreran. Lesakako Erdiko errotan ere bada beste bat.

Berrezartzea litzateke onena, ahanzturan gera ez dadin eta Memoriak etenik izan ez dezan. Aitzakia ezin hobea Agiña aldera edozein urte-sasoitan hurbiltzeko.