Síguenos en redes sociales:

La carta del día

Zornaturiko eta kirasturiko arimaren zauriak

Zornaturiko eta kirasturiko arimaren zauriakARTXIBOA

Herenegun arratsalde berandura eroritako euriz asea errekastoak oso puzturik, irakiten eta apartsu jaisten dira gure ibarretara, egunean baino egunean gehiago...Egunsentiko lehenengo eguzki printza edo orratzak igartzen dira itsumustuka muino gainetan eta mendi erpinetan nola kokatzen diren nagiro. zelai zabaletan, eguzki itzalen jokuak nabarmenduz... Lurbira-azalari muin hotz bat opaz, amodiorik gabeko musu izoztu baten iduri... Bainan hel diezaiogun kontakizunaren hari-matazari aurrera egiteko.

Nazaretheko Joshuarena maitasunezko kondairarik xarmagarriena da. Jainkoa gizon-emakumeen historian kirikolatu zenekoa. Historiagile judu batek zioen bezala (Flavio Josefok) behin maisua hil eta gero jarraitaitzailerik ez zela geldituko, susmoa, ez zen bete, bikoizten eta hirukoizten joan ziren kristauak. Jesusena da Jainkoak gure historian bete-betean esku-hartu zuenekoa; gizon-emakumeen ikuskera, pentsakera ta sentiera irauliz; hitz batez, hankaz gora jarri zuen, Bere bizkar gain jasotako gurutzea gure ikur, indar, arnas eta argi bihurtuz.

Joshua da mezularia eta mezuaren edukia. Ezinezkoa da arau, agindu, prezeptu soil batzuetara mugatzea. Traszenditzen ditu. Jesus berbera , bere biitza, izpiritua, karisma eta gizatasuna ardatz eta eredu. Gure expektatibak txito hankaz gora...

Guztiak gudari baten antzeko norbait itxaroten zuten. David Berria, uniformez jantzia, ezpata eskuan eta zaldi zuri baten gainean gudaroste bat gidatuz (un macho-alfa).Gure parametroz gain Jainkoak bestelako norbait bidali zuen bere lehentasunak ezarriz. Elkarri zaindu eta begiratzeko agindua emanez eta bere egunerokoan horrela eginez, garai haietan emakumeen zeregina zena eta azken putzekoa gainera lehenetsiz. Jainkoak beste paradigma batekin bere lehentasunak proposatu zizkigun. Elkarri zaintzeko eskaera luzatu zigun. Errukia, elkartasuna, apaltasuna, barkamena, doagabeko maitasuna (preziorik gabekoa, guztiz desinteresatua) bere ikur eginez eta azken muturreraino eramanez...

Elizaren kondaira behazunez eta eztiz txotildua dago, sitsak edota pipizuloz jositako habe zaharrak ordea, oraindikan zutik dirau. Elizaren buru den Aita Santua gizon zentzuduna, kato-katoa, sentibera eta buruargia,gure ezaugarri edo erreferente moral eta etiko bihurtuz.... Frantzisko Aita Sainduari, ezin uka, den-dena orpoz ipurdi jarri zaiola; Arazo konplexu ta poliedrikoak eta norabide anitzeko erantzunak emanez aurrera egin duela.

Hil-kanpaiak kristautasunari??? ez dago halakorik!!! Orain lozorroan gaude bainan Europak bere oparotasuna galtzean gure haundiuste eta harro-haizeak baretuko dira eta kristautasunari zor diogun begirada xalo, xume eta xamurragoa bihurtuko da. Gure iraganari begiratu besterik ez horren ezagupide zornatua eta kirastua izateko . Badira bihotz barrua gorrotoz zirakitenak eta Elizari inpernutzuloko sacamantecas bailira begiratu izan diotenak. Hala ere, ziurrenik, gure Elizak bere lekua izango du 2.000 urte eta gero ere...

Nik ezagupide izan dudanetik eliza eta euskararen herria uztarturik ezagutu izan ditut. Gure historia, artea, literatura eta kultura ulergarria izateko erlijioarekin estu-estu loturik daudela eta hainbat gertakizun eta pertsonai ulerkaitzak suertatuko litzaizkigukeela. Hara hor bestela “Linguae Vasconum Primitiae”(1.545) Nork daki aurrena idatzi zen euskal liburua apaiza batek idatzi zuela eta bertan erlijioa, maitasuna eta euskara zituela hizpide? Hainbat artelan (koadro, gizairudi, liburu...) eta gertakizun nola ulertu testuinguru honetan ez bada?

Jainkoa, ona da inor onik bada, idoro eta aurkitu nahi duenarentzat, Nere urratsak hara zuzentzea nahiko nuke, inolako itzulingururik gabe. Jainkoak bere bideak ditu gizonak ezin konpreni ditzakeenak.Hala ere, itsumustuan bada ere. Saihestuta, amilpean eror ez gaitezen, bere bide ezagugaitzetan mugarri batzuk ezartzen dizkigu. Bere argi dirdaitsuak umatu ditzala gure bihotzean barrena erne eta zoritu, biztu eta goritu ditzala neurrigabeko maitasun sutsu eta garbia.

Posdata.

Iturri zaharretik txurrut egiten dut, ur berria , beti berria den ura, betiko iturri zaharretik. Honako hau JA Artzek kristautasunari begira albaindu zuena eta gerora beste askok bere egin dutena...

Erlijio eta euskara irakaslea