Hagitz leku berezian, bai, almazen batean, hain zuzen, gozatu ederra hartu genuen lehengoan Donostian. Hantxe bildu ginen 500 bat euskaldun antzerkiaz gozatzeko. Pribilegituak gu, horrelako antzezlan politaz gozatzeko aukera izan genuelakoz.

Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek Donostiako Antzoki Zaharra euskaraz zipriztindu zuten David Desolaren lana antzezteko, eta ederki antzeztu ere. Eta gu han, pozez zoratzen, euskaraz eskaiinitako lanarekin. Pribilegiatuak baikara euskaldunak, bai horixe! Euskarazko eskaintza kulturalaz gozatzen dugulakoz, eta baita gaztelerazkoarekin eta beste hizkuntzetan ematen dituztenekin.

Orkoiengo Alejandro Lopez Orkoiengo alkateak lehengoan esan zuen pribilegiatuak garela eta ez zaio arrazoirik falta, ez horixe: hala gara eta. Noiz konturatuko dira 2 hizkuntza ezagutzea bat ezagutzea baino gehiago dela? Aukera gehiago ematen dizkizula bizitzaz gozatzeko eta bizitza ulertzeko? Alkate “motx” horrek ulertzeko moduan esateko: gure etxeak leiho ziztrin bat izan beharrean, bi edo hiruzpalau ditu eta gure bizitzak argi gehiago dauka eta egurastuagoa dago.

Gero eta gehiago dira atzerritik eta Espainia osotik etorri eta guregana hurbiltzen direnak gure hizkuntza ikastera, gure ohiturak ezagutzera: gure kultura erakargarria egiten zaielakoz, munduaren homogeneizazioa gero eta jasangaitza delakoz.

Gu, bitartean, Iker eta Zuhaitzen lanaz gozatzen segituko dugu almazenean. Zoazte ikustera eta zuen bizitzako 80 minutu eder igaroko dituzuela ez izan zalantzarik.