Aurtengo abestia entzun nuen lehenengo aldian ez zitzaidan beste munduko ezer iruditu. 2 urtez behin gauza bera gertatzen zait, abestiak bere horretan ez nau bereziki hunkitzen baina korrika inguratzen denean emozioz jazten naiz, lau haizetara abestu nahi dut eta nirea ere badela sentitzen dut.

Korrika berezia da, nirea da, zurea da, gurea, denona. Euskaraz dakitenen eta hitz egiten dugunona, jakinda erabiltzen dugun horiena, ikasteko kemena dutenena eta euskaraz jakin gabe euskaldun sentitu eta euskaldunak sortzen ari diren horiena ere bada.

Korrikak batzen gaitu, hunkitzen gaitu eta zerbaiten parte garela bergogorarazten digu. Martxoaren 14 tik 24 ra Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatzen dituen ibilbide horrek bi urtez behin hausnarketara bultzatzen gaitu, elkarlana, indarra, babesa, elkartasuna eta emozioak azaleratzen ditu.

Gizabanako bezela, korrikak hunkitzen nau, eta korrikazale bezela Korrika maite dut.

Altxorrik preziatuena hazten jarraitzeko lanean jarrai dezagun, hori baino hoberik ez baitaukagu Euskaldunok.

Jarrai dezagun beraz gure arbasoek sorturiko, bultzaturiko, lortutako eta borrokatutako ekimen eta hizkuntza hau zaintzen, babesten eta hazten.

Maitemindu gaitezen egunero eta belaunaldiz balaunaldi gure hizkuntzaz.