Síguenos en redes sociales:

Pilota artekariak

Pilota artekariakJavier Bergasa

Oso oker ez banago, idazki hau bosgarrena izanen da idatzi dudana gai honen inguruan, eta, nabarmen ikusten denez, orain arte ez dut batere arrakastarik izan. 

Nik esanen nuke, 90eko hamarkadan idatziko nuela lehengo iritzi artikulu hura, eta, geroztik, hortxe joan dira beste hiru gehiago gutxienez, gaurkora iritsi arte. Eta zein izan da, ba, artikulutxo horien eta gaurkoaren gaia? Ba, pilota artekariek erdaraz kantatzearena, ez gehiago ez gutxiago. 

Hamaika aldiz esaten eta errepikatzen digute pilotaren inguruan, euskal kirola dela, euskal pilota dela, euskal kirolariak direla, euskal pilotariak direla eta abar, eta abar, baina, gero zer da eta, artekariek behin eta berriz espainieraz kantatzen dituzte beren apustuak, eten gabe, hamarkadetan eta hamarkadetan; ez dakit noiz arte, baina, ni behinik behin, aspalditik sentitzen naiz zeharo lotsatuta eta amorratuta egikari horrekin. Berdin zaie Euskal Herriko lekurik euskaldunenetan baldin badaude ere, edota ETB1en, haiek jo eta ke gazteleraz, Hegoaldean behintzat! Ipar Euskal Herriko euskaldunek zer pentsatuko ote dute horretaz? Ez al dago modurik jokaera hori alda dezaten? 

Halaber, berdin-berdin omen zaizkie Euskaltzaindiaren aholkuak, AEKren proposamenak, Korrikaren ahaleginak, Euskaraldiaren lanak, Kontseiluaren gomendioak eta abar, eta abar, ez dago zereginik; beraiek beren erdalkerian murgilduta. Dirudienez, Dirua jainko santua ere euskararen aurka dago; euskarak ez omen du sosik ematen. Eta, ez didate esanen “ehun gorri”, “ehun urdin” eta abar botatzeak egundoko zailtasuna duela, ez da hala? 

Hainbeste urte igaro ondoren, noizbait gustatuko litzaidake jakitea zein diren argudioak, justifikazioak, arrazoiak eta abar, 2026an, oraindik jarraitzeko normalizatzen ETB1en, euskal pilotaren apustuak, trabesak eta parioak espainiera hutsez egiten jarraitzeko. 

Norbaitek, mesedez, azal diezadala misterio handi honen zioa, bestela, jakin-minak agian akabatuko nau!