Síguenos en redes sociales:

Zine egunak

Mirestekoa da gure zinemagileen kemena. Mirestekoa, zinemagintzaren erdal ozeanora euskal tanta xumeak jaurti-tzeko erakusten duten fedea. Gure kulturaren bertze alorretan bezala, euskal ikuslearen harrera gutitan izaten da haien ahaleginaren neurrikoa. Euskal ikuslea diot, ez baitu oraindik argitu erdaldunak gure zinemari erreparatzen dion eguna. Izarren argia aurkeztu zuten lehengo egunean Donostiako Zinemaldian, Mikel Rueda bilbotarraren lehen lana. Ani tzek ezagutzen dute Saturraran, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko besarkadaren bazter ederra, baina gutik dakite han emakume presoendako espetxea izan zela gerla zibilaren ondoko urteetan. Ruedak horixe kontatu nahi izan digu, antzezle ezagun sortaren laguntzaz.

Tamalez, gai kitzikagarria erabiltzeak ez dio arrakastarik bermatzen. Izarren argia aurten bezala, bertze filma bat plazaratu zen iaz, Donostiako Zinemaldian: Zorion perfektua, Jabi Elortegik zuzendua Andu Lertxundiren nobela ezagunean oinarriturik. Iruñera zenbait hilabete geroago etorri zen, isil-isilik. Hain isilik, ikusteko astirik ez baitzidan eman nire herrian egin zuen aste bakarrak. Joan den or-tzegunean kitatu nuen harekiko zorra, ETB-1ean ikusita. Euskal zinemagintzaren azken urteetako lanik txukunetariko bat iruditu zi-tzaidan, guztiz gomendagarria. Izarren argia bezala, gure oroimen historikoan korapilatzen da Zorion perfektua, gertakari hurbilagoetan finkaturik begia.

Zer eta, 80ko hamarkadan, ETAren hilketen aitzinean euskal gizartearen sektore handi batek hartu zuen jarrera, ber-tze alde batera begiratzekoa. Gai mingarria, inondik ere, gaurkotasunez betea; ordukoa ulertu gabe nekez konprenituko dugu hainbertze jenderen ezaxola egungo tortura, atxiloketa eta legez kanporatzeen aitzinean. Beharbada, horregatik ere ezikusia egin zion euskal ikusleak Zorion perfektua-ri. Izarren argia-k zorte hobea izanen du agian. Bigarren astea arte iraunen ahal du, Iruñera ekartzen dutenean.