Adinaren kontuak, gero eta errazago hunkitzen naiz. Espero gabeko besarkada batek, uste ez nuen irribarreak edo paper zahar baten lerro arteko ustekabeak izaten ahal dute nire begiak hezteko ahalmena. Liburuek eta filmek ere bai. Lehengo egunean gertatu zitzaidan, Gartxot, konkista aitzineko konkista-ren estreinaldiaren bukaeran. Banuen jakin mina, nola gobernatuak ote ziren Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi, Kanpionen narrazio zaharra irudietara ekar-tzeko tenorean. Ez da hizkera aldaketa hutsa izan. Azala ez ezik edukia ere moldatu dute. Filmak atxiki du tragedia klasikoaren ku-tsua, jatorrizko kontakizunak zuena, baina gure sentsibilitatera hurbiltzen jakin dute, eguneratze lan eskergarrian. Laguntza ez zaie falta izan. Norbanakoen eta kultur erakundeen diruaz landa, euskal herri guztietako kantari, musikari, idazle eta laguntzaile tropa ibili zaie inguruan, kultur proiektu batean gutitan ikusi den auzolanean. Paregabea dugu horren guztiaren emaitza. Ederra. Hunkigarria. Nonahi erakutsi eta noranahi eramateko modukoa. Euskaldunek dastatzekoa eta gozatzekoa izanik ere, alde guztietako erdaldunek estimutan izatekoa. Behingoz, Nafarroa ez da kanpoan gelditu euskal zinema izaten ari den bat-bateko pizkundetik. Imanol Rayo zuzendari arbizuarraren Bi anai ere ikusgai dugu egun hauetan zine aretoetan. Horra bertze film bat, bertze liburu batean oinarritua, arras bertzelako estetikaz ondua. Rayorena proiektu pertsonala da, nolanahi ere. Urmenetarena, berriz, kolektiboa. Bietarik behar ditugu. Gartxot marka uzten ari da bere inguruan. Horra Gartxot ekimena Zaraitzuko gazte euskaltzaleak aitzina eramaten ari direna. Filmaren aurkezpen egunean Carlos III.aren atarian ziren, mahai eta guzti. Lelo iraultzailea zekarten salgai zituzten kamisetek: "Sorkuntza libertateari. Libertatea sorkuntzari". Politikarik gabe nekez aterako gara zulotik. Sorkuntzarik gabe, inoiz ere ez.