Lehentasunezkoak
"lehentasunezko akzioak" erran behar omen. "Preferenteak" deitzen die mihi zaluagoko jendeak. Nire lagunak bazenik ere ez zekien, harik eta hedabideetan delako izena egun batean bai eta hurrengoan ere bai agertzen hasi zen arte. Iruzurrak jotakoen kopuruak harritu zuen. "Inozo halakoak", egin zuen bere baitan, gupida eta laineza nahasirik. Noizbait ohartu zen: berak ere jasoa zuen bonbardaketa. Berari ere aritu zi-tzaizkion tentatzen bere konfiantzazko kutxan, eskaintza itxuraz abantailosoekin. Berak ere bildu zituen afixa koloretsuak eta telefono deiak hain jator, hain prestu, hain etxeko eta, zenbaitetan, hain euskaldun ziren Botín tikiengandik. Dena, bere izerdiz irabazitako sosak bertzelako zeretan sartzeko. Noski, bere kontu korronte zirtzil eta betikoan inoiz ere lortuko ez zuen errentagarritasuna emanen zioten dena delako "produktu" horiek. Nire laguna ez zuen salbatu halako sineste edo konbentzimendu irmo batek, ezpada inon ere kontuan hartzeko moduko diru kopuruaren jabe ez izateak. Bere 2000 euro ziztrinak ez zituen ehunekoen dantzak ugalduko. Gogoan du mespretxuzko begirada ezin disimulatuaren eztena hainbertzetan deika aritu zitzaion Botín tikiaren begietan: ze bezero klase haiz, ezdeus hori, "lehentasunezko akziorik" hartzeko sosik ere ez badaukak?
Atzo, egunkariaren edizio digitalean irakurri zuen albistea. Valentziako udaltzain bat nabalkadaka lotu zaio Bankiako langile bati (artetik errateko, horrelako gauzak zergatik gertatzen dira beti Valentzian?). Nonbait, erasotuaren aholkuei jarraikiz, bere aurrezki guztiak "lehentasunezko akzioen" truke aldatuak zituen erasotzaileak. Orain, ke bilakatu da diru guztia. Nire lagunak bere kutxara joateko asmoa du gaur. Hain produktu onuragarriak aholkatzen halako tema zuenaz galdeginen du eta egunkariko ebakina jarriko dio mutur parean. Nire laguna irrikan dago Botín tikiaren begiek zer dioten irakurtzeko.