Egunak
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. 1949an ezarri zuen Eusko Ikaskuntza erbesteratuak, itxuraz munduan izan den euskaldun ezagunenaren itzalaz baliatuz, eta bide batez Nafarroa eta euskara uztartu nahirik. Egiari egia zor, hari meheak ditu lotzen Frantzisko Xabierkoa eta euskara. Haren biografoen arabera, hil-hurren zegoelarik, inork konprenitzen ez zuen hizkuntzan hasi zen predikari nafarra. Garaiko euskaltzaleek ondorioztatu zuten euskara zela mintzaira misteriotsua. Ohiko kontua da azken ordua bizitzen ari denak ama-hizkuntzara jotzea, aspaldi ez erabiliagatik ere. XVI. mendeko Nafarroan, bertzalde, errazagoa zen norbait euskalduna izatea kontrakoa baino. Gainera, ama etorkiz baztandarra zuen Fran-tziskok, eta aitaren familia, erroak Nafarroa Beherean izateaz gain, Idotzinen ezarria zen aspaldi, hau da, XIX. mendea arte euskaldun iraun zuen herrian. Egiantza egiaztatuko duen daturik ez dugu, hala ere. Horrek haize eman die Xabierren euskalduntasuna ukatu edo ezbaian jarri nahi izan dutenei. Beren patroiaren ahotik inoiz euskal hitzik atera ahal izan zela imajinatze hutsak min ematen batzuei. Halako kalapitetatik urrun, 1995ean berreskuratu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Nazioarteko Eguna. Geroztik urtero ospatu da Euskadin, noiz eta Nafarroa instituzionalak bere eguna ospatzen duen egun berean. Kointziden-tzian erasoa ikusi izan dute hemengo agintariek. Orain euskaltzaleak daude euskarafoboen ordez. Gaurdaino ez bezala, gure hizkuntzak aipamenen bat izanen du aurten. Pentsaezina da, alabaina, euskararen herriko administrazio guztietako ordezkariak baturik ikustea abenduaren 3an. Asmatzaileen asmoetatik urruti, Euskararen Egunak traba egiten dio Nafarroarenari, eta alderantziz. Beharbada bertze egun bat bilatu behar litzateke euskararena ospatzeko. Hari sendoagokoa, ahal dela.