OPEondo
Azkenean, OPEren auzian, galdu egin naiz. Badakit Nafarroako Gobernuak atzera egin duela, baina ez zehazki zergatik. Ez dut garbi zer eragin izan duen horretan PPk Madrildik jarri duen errekurtsoak, ezta hura arrazoi nagusia izan ote den, eta ez Izquierda-Ezkerraren kontrako jarrera zurruna, PSNrekin elkar hartzekorainokoa. Afera pisuzko bezain arrazoizko batean aldaketaren gobernua galtzaile gertatu da, eta amore emanarazi dioten guztiak ez daude oposizioan. Egia da Hezkuntza Departamentuak baduela deskalabru honetan erantzukizunik, gauzak hain modu kamikazean planteatzeagatik. Halako kontu hipersentiberan erre gabe sartzeko, norberaren indarrak ederki neurtu behar ziren lehenik. Aliantzak eta konplizitateak poliki ehundu. Erakarri beharrekoak erakarri. Iritzi publikoa behar bezainbat limurtu, are toxikatu ere. Hartatik deus ere ez zen egin. Igerilekuan urik ote zen begiratu gabe bota ziren. Eta ura izan bai, baina marrazoz betea. Ohartu zirenerako, hozka eta haginka ari zitzaizkien aitzin eta gibel. Geroztik etorri diren guztiak hasierako okerra zuzen-tzeko saio berantiarrak izan dira. Emaitza, derrota bat, arrastoa utziko duena. Ikaskizun balioko du agian. Ikaskizun, ez bakarrik gobernuan daudenendako. Gobernu honetan, bakoitzak bere neurrian, esperantza ezarri dugunok ere badugu zer ikasia. Bereziki euskararen mundutik ari garenok. Izan ere, Gobernuak etxeko lanak ongi egin balitu ere, garaipena ez zegokeen segurtatua istorio honetan. Marrazoak berdin egonen ziren igerilekuan. Marrazo etsaiak eta marrazo lagunak. Gogorra da ohartzea zein urrun ditugun aldaketaren barkuan doazen batzuk guretako funtsezkoak diren gauzetan. Hain urrun, erdarazko lanpostu gehiago egotea baino garrantzitsuagoa baitzitzaien euskarazko lanpostu gutxiago egotea. Hau ez da erraza izanen. Batere ez.