jadanik ez dakit aunitz edo guti diren joan den uztailetik hona Nafarroako erakunde berriek gure hizkuntzaren inguruan hartu dituzten erabakiak. Euskarari dagokionez aldaketa ez dela oraindik etorri irakurri dut berrikitan egunkari batean. Joño! Euskalerria Irratiaren legeztapena, EITBren harrera (momentuz Iruñerrira mugatua), D eredu publikoa eremu ez euskaldunera eramatea edo Iruñeko haur eskolak ez dira izan, nonbait, euskaltzaleon erreibindikazio historikoak. Bertze batzuek garbiago dute. Alor horretako delibero bakoitzari, den xumeenari ere, UPN, PSN, PP eta haien bozgorailu mediatikoak ematen ari zaizkion erantzun basati histeriko gezurtian ez da beldur handirik sumatzen errealitatea azpikoz goiti itxuraldatzeko. Haiei sinestera, Nafarroan erdalduna azpiratua eta zanpatua bizi da gobernatzaile berriak etorri direnetik. Irrigarria iduri du, baina ez dezagun irri egin. Temaren temaz, sinesgarri bilaka daiteke jende frankoren begietara. Arrisku horretaz, ordea, gogoeta guti ikusten da euskaltzaleen artean. Zenbaitek kezkatuagoak dirudite oposizioaren suak Gobernua kikilduko ote duen, edo pedagogietan denbora alferrik galaraziko ote dion. Ez zaie asko axola euskara Uxue Barkosen exekutiboa higatzeko erabiltzen bada, edo hura sostengatzen duten indarren artean arrailak pizten baditu. Iritzi publikoa lehenik landu ez izana aurpegiratu izan zaio Gobernuari. Euskalgintzak ere izan lezake horretan lanik. Ona litzateke euskararen aldeko gizarte zibila sumatzen hastea, ez bakarrik Udalaren ekimenak defendatzeko tenorean. Hori, laguntzeko bada. Gehiengo erdalduna are gehiago urduritzeko eta UPNri arrazoia emateko bada, oraingo hibernazio egoera nahiago. Inork oraindik uste badu nafar gehienak euskara minez daudela, aski du aurtengo matrikulazioari begiratzea.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
