aldaketaren hirugarren urteurrena zela-eta, saio berezia eskaini zuen joan den asteazkenean Euskalerria Irratiak. Horretarako, Nafarroako Parlamentuko patioan paratu zuten estudioa. 2015ean ez zuen baimenik izanen hortik emititzeko. Ez da soberan oroitaraztea: Euskalerria Irratia lizentziarik gabe zebilen duela hiru urte. Lehengoan, haren legeztapena hainbertzetan oztopatu zuten parlamentariek, paretik pasatzean, lanean ikus zitzaketen Iruñerriko hedabideko teknikari eta kazetariak. Alderdikeriak itsututa edo protagonismo ezak jelostuta, zenbaitek ukatzen du aldaketa izan denik, edo haren norainokoa gutxiesten. Aldaketa izan da, ordea. Izaten ari da, izaten ari denez. Bere argi-ilunekin ere, bere ahulezia eta uzkurkeriarekin ere, bere porrot eta hutsegiteekin ere. Ez da, bistan dena, goitik beherako zilipurdia izan. Indar korrelazio justu samar baten kumea da aldaketa. Prozesu politiko berriari bulka egin dioten lau alderdi desberdinen arteko adostasun mailaren neurrikoa. Ez osoki ezkerrekoa, ezta sobera abertzalea ere. Baina bai XXI. mende hasierako Nafarroaren banaz bertzekotik hurbil samarrekoa, aurrerakoitasunean eta euskaltzaletasunean. Aunitz falta izanik, ez da guti egindakoa. Esparru batzuetan, jauzia alimalekoa da 2015etik 2018ra. Franco hil zenetik hona inoiz ez dira elkarrengandik hain hurbil ibili Nafarroa erreala eta Nafarroa ofiziala. Orain, urak nahasirik heldu dira Estatuko politikan. Zurrunbilo horrek eragina izanen du gurean, onerako edo txarrerako. Oposizioak ez du aukerarik galduko Gobernua eta laukoa higatzeko. Iaz ikurrina eta aurten euskara bezala, izanen dute zerekin mobilizatu beren jendea. Neurri bereko ahalegina izanen ahal da bertze aldean. Urte bat dugu aitzinean. Emankor izan daiteke, edo alferrikakoa. Hasi dira erlojuak atzerako kontuan. Tik-tak. Tik-tak. Tik-tak.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
