“Azpimarratu nahiko nuke ikastolek Nafarroan urte luzeetan egin duten lan handia, berebizikoa izan dena euskarak gure lurrean iraun dezan”. Lehendakari andrearen hitzak, igandean, Altsasuko Nafarroa Oinezen. Uxue Barkosen ezpainetan zurikeria kutsurik ez dute. Gezurrik ez du, gainera, gobernuburuak erranak. Ikastolen bulkada gabe ezin da ulertu euskararen azken mende erdiko zuzperraldia. Egun, hizkuntzaren errotari haizea hauspotzen segitzen dute, bertze batzuek amestuko ez lituzketen mendi-bizkarretan. Seguru aski horregatik jo-mugan izan dituzte Nafarroako Jauregiko azken hamarkadetako maizterrek, eta ez prezeski eskua luzatu nahirik. UPNk sekulakoak egin izan ditu haien garapena trabatzeko. Ez du beti lortu, baina energia franko gastarazi die bere ahaleginean. Ikastoletan poza eta esperantza izan zen nagusi 2015eko maiatzean. Hiru urte eta erdi geroago, ez da aise aurkituko bozkario horren arrastorik haien arduradun eta langileen artean. Herritar gisa izanen dute zer eskertua Barkoxen Gobernuari. Deus guti, aldiz, hezkuntza eredu jakin batekin engaiaturik dauden aldetik. Langileriaren ikuspegitik, bereziki, makurrerako izan dira Aldaketak ekarritako aldaketa gehienak. Gaur egun, Nafarroako ikastoletako irakasle batek lan baldintza kaskarragoak ditu duela hiru urte eta erdi baino. Eta ez dio kontsolamendurik ekartzen apezen ikastetxeetako maisu-maistrak berdintsu dabiltzala jakiteak. Irakaskuntza publikoaren defentsaren bandera darabil Nafarroako laukoak. Ederki. Horrek ez luke, ordea, ai-tzakia izan behar bertze ereduetan dabilen jendeari tratu txarra emateko. Oker egon daiteke uste duena egiten diezuna egiten diezula zure aldeko botoa ematen segituko dutela. Gobernu barrenean nahiz haren ingurumarian dabiltzan batzuek kontrara uste badute ere, ikastolak beren onenak eman gabe daude oraindik.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
