LETRA larriez idatzi behar dira batzuetan zenbakiak, adierazten dutena ez baita modu onean kuantifikatzen. Zenbakiek tamaina bat adierazten dute, kantitate zehatza, neurri astronomiko bat, distantziaren luze-laburrak, bai eta despropor-tzioaren bolumena ere.

Adibide baterako zenbaki batzuk aipatuko ditut. Lehena 810 da. Altsasuko gazteek 810 egun baino gehiago daramatzate kartzelan. Gezur baten oinarria duen kasuan auzipetutako zortzi gazteen egoera larria da zortziehun egunen ostean. Zenbakiekin jarraituz: fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen ditu sei lagunentzat, 62 urtekoa beste batentzat, eta 12 urtekoa beste batentzat. Kezkagarriena justizia bera da, defentsak aurkeztutako froga gehienak ez baititu onartu, horrek dakarren berme falta susmagarriarekin.

Beste zenbaki bat: 500 mila. Kantitate horri euro izena aplikatzen badiogu, sei hilerik behin Gara egunkariak ordaindu beharreko dirua aterako zaigu. Garzon epaileak 2003. urtean Egin egunkariak Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra kargatu zion Gara-ri, eta bidegabekeria horren ondorioz, asfixia egoeran dago egunkaria, datozen hiru urteetan 3 milioi euro ordaindu beharko dituelako. Zor inposatuaren atzean prentsa askatasunaren kontrako estrategia eta arrazoi politikoak daude.

Beste zenbaki bat: 48.121. Duela gutxi, San Mames estadioan nesken partidua ikusteko bildu zen jende kantitatea da. Normaltasuna balego horrek ez gintuzkeen harrituko, baina oraindik albistegietan jartzeko zenbakia da hori, izan ere, Europa osoan emakumezkoen partida batean inoiz batu den jende kopururik handiena izan da San Mamesekoa. Partida galdu bazen ere, neskek (eta guztiok) irabazi zuten, dezente gainera.

Azken zenbakiak. Otsailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako politikari demokraten kontrako epaiketa lotsagarria. 7 eta 25 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte modu baketsuan Kataluniako prozesu subiranista antolatzeagatik, eta demokrazia defendatzeagatik.

Zenbakiak, batzuetan, ahulak dira, eta ezin dute esperantzaren kantitatea eman.