BERTSOZALEA naiz. Hainbat milaka euskaldun bezala bertsoak en-tzutea, gozatzea, haietaz iritzi emateaz harago, egileekin berba egitea eta batzuen lagun izateaz harrotzea ohiko eta gustoko dut. Bertso afaria bada, afaldu; herriko jaiak badira, jai; Bizkaiko edo Euskal Herriko Txapelketa bada, lehia. Hauetan ez dut, asko eta askok bezala bertso edo sail bakoitzak merezi dituen puntuak zenbatzen denborarik galtzen. Agian jakin ere ez dakidalako edota besteek edo epaileek baloratzen dituzten gai berberak ez ditudalako neurtzen.

Ez naiz isiltzen, ordea, finalera igaro behar duen bikotea nortzuk osatzen duten esan gabe. Batzuetan asmatu, besteetan, ez.

Zaletasun hau aipatzearekin batera datorkit izate beraren errudun nagusiaren izena. Ume, kasik nerabera iritsi gabe, baserriko atarian ezagutu nuen pentsu saltzaile gazte, irribarre bezala berba gozo eta atseginekoa.

Denborari aurreratuak, hark eta ia betiko Azpillaga lagunak ¡irratiko iragarkiaz babesturiko pentsua saltzen zuten baserririk baserri: “Fan... pentsuak, ez merkeenak, bai onenak” herri ba-tzuetan ondo erraitutako sindikatuei eta biltegiei konpetentzia latza eginez.

Umea nintzen oraindik, bai. Nire aitari (“Juantxu tokaio” esaten zion) portalean bertan bertsoren bat bota zionean. Ulertzekoa da, beraz, Jon Lopategi handiari diodan miresmena, han hasi, urte gutxitara Mungiko abadetzera maisu eginkizunerako deitu, beste urte batzuetara nire semea hainbat aldiz Gernikondoko Kanpantxura eraman eta mila plaza edota aretoetara fin jarraitu diot. Afiziorik izan balu ene birlobaren bat ere hartuko zuen baesean Muxikako Baltz handiak. Lau balaunaldi, beraz

Lopategi izan genuen ezinbesteko kidea, Amuritza kartzelatik atera berritan, Gernikako Jai Alai frontoian, zortzi bertsolari eta, orain-tsuko historian lehen aldiz, 3.000 ikusentzuletik gora biltzeko saioa antolatzeko orduan. Horiek eta beste mila meritu eta motibo izan arren, ez dakit haserrez edo penaz, negar malko batzuk isuri zaizkidan domekan ETBko hitzetik hor-tzeran dozenerdi bat minutu ere eskaini ez ziotelako.