martxoaren 8ko grebak eta greba egunean egindako mobilizazio eta manifestazioek jarraitzaile kopuru handia izan zuela jakitera eman dute medioek. Iaz baino askoz handiagoa. Martxoaren 8ko olatuak gero eta indar handiagoa duela, alegia.

Eta olatuak kolore gaztea duela azpimarratuko nuke, gainera. Bai manifestaldietan, bai mobilizazioetan parte hartu duten emakume askotarikoen artean, emakume “gaztea” ikusi dudala, batez ere, buru-belarri bai koordinazio-lanetan zein parte har-tzen. Etorkizuna, hor.

Emakumea mugatzen, baztertzen, azpira-tzen, “ez-ikustarazten” dituzten arrazoiak anitzak dira eta guztiak kontuan hartzea eta guztiak kontutan hartuta erreibindikapenak prestatzea ez da lan erraza. Bestalde, zabarra ere gerta daiteke. Mobilizazio zenbaitetan, komunikazio ikuspegitik, erreibindikapen kopurua luzeegia izan dela iruditu zait. Esandako eta erakutsitako guztiak dira egiak, egin beharrekoak, azaldu eta salatu beharrekoak. Baina esan beharreko horien liseriketa egiteko errazagoa litzateke modu dosifikatuan eta bateratuan egingo bagenu.

Gizonezko asko eta asko galduta daude. Eta ez-entzun jarrera hartu dute (batzuk betidanik, baina badira gazteak edo, berriki, jarrera hori hartu dutenak; auto-defentsa gisa?). Beraz, hurrengo aldarrikapenetarako, proposamen hau egingo nuke: sloganak gutxiago (kopuruan) eta bateratuagoak izatea. Emakumeok ere, nazioarteko adituek dioten bezala, %99ari begira prestatu gaitezen, eta gizarteari eta gizonezkoei begira ere, azaltzen errazagoak izan dakizkigun. Zutabegile zenbaitek egunotan esan duen bezala, egiten dizkiguten galdera inozo guztiei erantzuteko energia handia behar delako eta, jada, ez gaudelako errespetu falta horien aurrean erantzuten jarraitzeko prest.

Berdintasunerako bidea ez dugu bakarrik egingo. Ezta neketsuak zaizkigun galdera ezin inozoagoei erantzun nahian ere. Ez da gure egitekoa.

Egin dezagun emakumeok (berriz ere!) bidea errazago. Garaiotan, jada, ez baikaude txantxetarako.