Igande iluntzean puska luzea eman nuen Hamaika telebistari josia, Korrikako irudiei so. Planoak ez ziren sobera ikusgarriak. Ugaritasun handirik ere ez zuten erakusten. Furgo bati lasterka segi-tzen zion jendearen tema zuen kamera finko bakarrak. Eta hala ere, pantailatik begirik ezin kendu nik, lau urteko haurrak Peppa pig zerrikumearen parean bezala. Hara, lehengusu Karlos korrikalarien artean. To, zein eder Miarritzeko bazterrak, ia-ia ikusten ez badira ere. Eta begira Arrangoitze: nondik atera da jende tropa hau? Ordu batzuk lehenago ikusia nintzen, orobat hunkiturik, arraunlarien palakadak, lekukoa txalupan eramaten, Aturri zabalean gaindi, Bokaletik Angelura. Euskararen alde, behialako gaskoi herrian.
Zenbait egun nituen sentipen beraren menean. Adinaren seinale, agian, behiala hotz uzten ninduten gauzen zirrara berria. Garesko irteerako irudiak, jendetsuak bezain alaiak. Iruñeko harrera alimalekoa. Iruñerriko udalerri bakoitzeko ongi-etorri beroa. Lizarrakoa. Tafallakoa. Larunbateko goizaldeko lasterkarien ahalegina, elurpean, Abaurregainen. Bolanten dantza nahitaez arina, Luzaideko sarreran, karrerarekin bat egitean. Eta argazki bat ortzirale gauaz hartua: bi ahizpa, 26 eta 27 urte, elkarri begira, irria zabal, lekukoak uztartuak. Gibelean, hirugarren ahizpa (32) eta lehengusina (30), lagun mordo baten artean, kuadrillaren pankartaren gibelean. Klika korrika, gure ‘kuadrillika’. Izarrak, Zangozaldeko errepideetako gau iluna argitzen. Sareko argazki-oinean, hitz bakarra: “Zoriontasuna”. AEKren lasterketaren harira haserre galaktikoa agertu duten betikoek badute zertaz kezka. 21. Korrikak igandean joko du helmuga, Gasteizen. Korrika bukatuta ere, badira lasterka jarraituko dutenak. Euskaraz. Irribarrez. Heldu dira, heldu direnez. Karrera honek badu segida.