cAYETANA Álvarez de Toledo y Peralta-Ramos, Casa Fuerte-ko XIII. markes andrea, da, izen luzeena duen hautagaia izateaz gain, hauteskude kanpainak eskaini digun gizaki martzianoetako bat (bada “Star Wars” sagan agertzen den Jar Jar Binks pertsonaiarekin konparatu duenik, lepo noblearen luzea dela eta). PPk egin du fitxaketa Bartzelonarako. Hori ere arras martzianoa da, baina hautes-legeak baimena ematen dio edozeini bere burua edozein probintziatan aurkezteko, probintzia horrekin eta bertako biztanleekin inolako harremanik izan gabe ere. Bestalde, zertarako beharko du aristokrata batek inolako harremanik jendailarekin? Hautesleak baino ez dira.

Álvarez de Toledo andrea ez da berria politika kontuetan: PPren inguruan ibilia da Ángel Acebes harekin (gogoratzen zarete?) eta Madrileko parlamentuan, eta, orain hedabideetan ikusten ari garenez, ez zen izan sosik gabe bizi diren aristokrata gajo horietako bat. Álvarez de Toledo popularrengandik urrundu zen, Kataluniako independentistekin bigunegiak zirela iritzita, eta artikuluak, zutabeak, txioak eta manifestuak idazten aritu zen, independentisten aurka edo greba feministaren kontra; ospetsuena Manuela Carmenaren aurkako hura izan zen Errege Magoen janzkera zela eta: “No te lo perdonaré jamás. Jamás”. Adi, “jamás” bitan, eta hori aristokrata batentzat izugarria da.

Orain, Ciudadanos-ekoekin jolaskerietan ibili ondoren, apurtxo bat, PPren altzo eskuindarrera itzuli da katalanei erakusteko zer den markesa izatea. Errubioa, noski, eta harroputza, sudurgora, hantustea, mokoharroa, musugora, haidorra, burgoia. Munduan den orori erdeinuz begiratzen dio, bereziki katalanei. Katalanak, hizkuntzak, ez du sekula haren aho harroa zikinduko, jakina.

Ikusiko dugu laster zer egingo duen jendilajeak hauteskunde egunean markes andrearekin, baina bitartean Vanity Fair bezalako losintxariek, zuhaitz genealogikoaren aurrean lerdea dariela, propaganda egiten diote dohainik elkarrizketa atseginen bidez satinezko soinekoen eta popelinazko atorren artean. Ez zaie inoiz falta nagusiei zerbitzari esanekorik.