Gezur hezurretik

Joeren dantzan

09.02.2020 | 09:28
columnista Aitzol Elizaran

Guruak ditugu eguneroko bizitzako aspektu gehienetan gu gidatzeko prest. Zerbaiti buruz guk baino gehiago dakiten maisu-maistra entzutetsuak. Eta modu normal batean fidatzen gara haien hitzaz, gehiago dakitenez, arrazoia izango dutelakoan. Aditu hauen baitan daude hein handi batean gure egunerokoa markatzen duten modak.

Moda hauek badatoz eta badoaz, eta gu, haiekin vals bat dantzatzen arituko bagina bezala, haien erritmora eramaten gaituzte, lehenik ezker, gero eskuin, baina dantzaldia inoiz eten gabe. Adibidez ez dakit zein adituk dio orain esnea hartzea txarra dela eta esnearen salmentek behera egiten dute inoizko abiadura bizkorrenean. Hamarkada bat beranduago aldiz, ez dakit nongo ikerketa zentro batek adierazten du esnea hartzea komeni dela, kaltzio asko baitu nonbait, eta buelta berriz denak esnea edatera. Gogoan dut nola ikastolan ematen ziguten basokada bat egunero atarira jaitsi aurretik, eta orain aldiz, mukosentzat txarra delako edo beste arrazoien batengatik alde batera utzia daukagu, edo kontsumoa jaitsita behinik behin. Horrek merkatuan duen eraginarekin, noski. Gaur gora eta bihar behera, merkatua modarekin batera.

Berdin gertatu da ogiarekin, orain txarra orain ona, pastarekin, karbohidratoak, gantzak, arrautzak, fruitu lehorrak edo letxugarekin, baita mirakuluak egiten zituzten dieta, etxeko trapu edo autoetako erregaiekin ere. Ezer ez zaie eskapatzen. Bizkorrena ere erori izan da euren tranpetan, eta siniste hutsa nahikoa ez balitz, askotan komertzial lanak ere egiten dizkiegu. Hau probatu behar duk, sekulako aldea zegok....

Influencer-ak sare sozialak baino lehenago ziren, edo agian sare sozialak izan baziren pantailetatik at. Ahoz ahokoak, aldizkarietako artikuluak edo telebistako irudiek gure burmuina zulatzen zuten eta dute, tanta txikiekin, dosi txikiekin kolpatuz egunero, barru-barruan sartu arte. Ezin alde egin gainera, arraro begiratuko baikaituzte, outsider bihurtzen gara orduan.

Dualtasun moral batean erortzen gara gainera horrelakoetan. Lehenengo pausoa ematera ausartzen direnei, aldaketa proposatu edo burutzen dutenei arraro begiratzen diegu hasieran, mesfidantzaz, zertarako jartzen ote dute dena zalantzan. Eta beste alde batetik, gehienok pausoa ematen dugunean atzera geratu direnei ere harrituta begiratzen diegu, ezer ulertu izan ez balute bezala, nola ez ote dute ikusi honen abantailarik, usadio zaharrei ainguratuak daude gajoak, ezin aurrera egin.

Moda hauek laburrak izaten dira oro har, eta zaila bertan kokatzea, pixka bat ohitzerako zaharkitu baitira, baina errotze lana ondo eginda. Trena harrapatu eta pasatzen uztearen arteko zalantzan ezin gaitezke bizi, tren honek ez bada hurrengoak harrapatuko gaitu eta.