Talaieroa

Euskara, nafarren hizkuntza

10.02.2020 | 06:09
Columnista Erramun Osa

euskararen biziberritzeak argi-ilunak ditu. Hainbatetan aipatu da hiztunen kopurua emendatu dela, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, ostera, apur bat gora egin du, hezkuntzaren eraginagatik -batez ere-, gazteen artean. Ipar Euskal Herrian, aldiz, hiztunen galera etetea lortu da. Bistan da euskal lurralde bakoitzean joera desberdina dela, bai eta lurralde bakoitzean eremu batetik bestera ere. Arrazoi nagusiak, gehienbat, hiru dira, nire ustez. Alde batetik, euskal hizkuntzari, hiztun-elkarteari hobeto esanda, aitorturiko tokia. Beste aldetik, ahuldutako hizkuntzaren aldeko politika. Azkenik, euskararekiko atxikimendua eta aldeko jarrera.

Azken horri dagokionez, hamarkada gutxi batzuetan, lurralde guztietan, asko aurreratu da. Horrela, euskararen kontrako jarrera asko ahuldu da eta aldekoa, berriz, indartu. Nolanahi ere, badira euskararen aurrerakada mehatxu gisa ikusten dutenak, euskararen aldeko sustapen-politikei etengabe oztopoak eta eragozpenak jarriz. Azken horiek beraien herra estaltzeko, ezagutza-maila urria eta erabilera are urriagoa erabiltzen dute aitzakia gisa. Kontua da, euskararen ezagutza hedatzen joan dadin hartzen diren erabakiak zalantzan jar-tzen dituztela -besteak beste, hezkuntzan- eta gutxieneko hiztun-kopurua lortu gabe ezinezkoa dela erabileran jauzirik egiterik. Are gehiago, hiztun-kopurua txikia edo handia izanda ere, euskaraz bizitzeko egiazko aukerak egotea, herritarrei hizkuntza bat ala bestea erabil dezaten aukera berdintasuna bermatuz, ezinbestekoa dela.

Horren kontra doa, besteak beste, UGT sindikatuak azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, hots, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta haren mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenaren kontra jarririko helegitea. Helburua euskara erabiltzeko aukera-berdintasunean urratsak egitea ezinezko bihurtzea, zokoratzea eta beste hizkuntza batzuen ondoan beheratzea da. Beraz, erabiltzeko aukerak ezerezean lagaz, bidenabar, prestigioan eragin nahi da, atzerriko hizkuntza batzuk lehenetsiz, euskararekiko atxikimendua galgatuz.

Baina, UGT sindikatuaren jarrera oldarkorra eta lotsagarria gorabehera, badira, oinarrian bestelako arazoak, lehenagokoak direnak eta konponbidean jarri beharko liratekeenak. Hasteko, oinarrizko araubidean dago arazoa, berak ahalbidetzen baitu nafarrek hizkuntza kontuetan eskubide desberdinak izatea, bizi diren zonaldearen arabera. Beste arazo bat euskararen aldeko klase politikoaren beldurra, konplexua eta ahulezia sistemikoa izan da, eskuartean izan dituen heldulekuak ez baititu behar bezainbeste baliatu eta etengabe defentsa-jarreran, beste batzuen mezuen zirimolan murgildu baita. Emaniko urrats txikienak ezartzeko unean oso tentuz, oso mantso jardun du eta bilatu nahi zuena lortzeko pedagogia soziala egitea baztertu du. Azken kontua, euskalgintzako sektore ideologizatu baten gehiegizko jarduna dago, euskararen aldeko langin-tzari beste jite bat eman diona eta euskararen aldeko sentiberatasuna lantzen lagundu ez duena.

Ondorioz, artez pentsatu behar da etorkizun hurbilean segitu beharreko estrategia, horren inguruan askotariko -ez bakarrik gutxi batzuen- iritziak eta jarduna bilbatuz eta ehunduz, euskal hiztunek izan ditzaten ahalik bizkorren erdaldunek dituzten eskubide berdinak... Eta nafar hizkuntzak dagokion tokia Nafarroako gizartean.