GAIZKA Garitanoren Athletic bizirik dago. Zuri-gorriek apurtu egin dabe bost jardunaldiko bolada txarra eta ur azalera atara dabe burua, Espanyoli irabazi eta Vila-realen zelaian balio handiko puntua eskuratu ostean. Talde honek daukan arazo nagusia, golak sartzearena hain zuzen be, ez da konpondu, baina zuri-gorriak lan handia egiten ari dira gol siketeari aurre egiteko. Vila-realen aurka gol aukera garbiak euki ebazan talde zuri-gorriak estrategia jokaldietan batez be. Baina gauza guztien ganetik, Garitanorena ondo lehiatzen dakien taldea da. Hamabi jardunalditan hiru partidu baino ez dau galdu eta Atletico de Madrid baino ez da gauza izan Unai Simonen atean gol bat baino gehiago sartzeko. Taldeak erakutsi dauena ondo aztertuta eta hobetu beharreko gauzak dagozala onartuta, talde honek errespetu eta kreditu apur bat merezi dauela esango neuke. Hau da, gauzak okertzen hasten diranean -emaitzak onak ez diranean- taldearen inguruko giroa arnastuezina da eta pentsa lei bigarren mailaranzko itzulerarik bako bidean doala. Gabeziak gabezia, Gaizka Garitanoren taldea ondo egituratutako blokea da eta aurkari gatxa lehen mailako edozein talderentzat. Eta entrenatzaileak eskatu dauen legez, pazientzia apur bat euki behar da taldeko jokalari gazteekaz. Baloi bat galtzen dabenean txistuak entzun beharrean, zalerian babesa eta berotasuna jaso beharko leukiez.

Liga txapelketako hamabi jardunaldi jokatuta -ia lehiaketa osoaren herena- Athletic sailkapeneko erdialdean dago, hamargarren postuan. Zuri-gorriek zortzi puntura daukiez jaisteko postuak eta bostera bakarrik sailkapeneko lehen postua, Europako postuak hiru puntura dagozala ahaztu barik. Ganera, zazpi gol baino ez dabe jaso hamabi partidutan. Beraz, ezin esan Gaizka Garitanoren taldearen liga hasierea makala izan danik. Taldea bide onetik doala esan daiteke. Era berean, ukatuezina da taldeak arazo handiak dituela golak sartzeko -hamaika bakarrik sartu dau hamabi partidutan-, baina Vila-realen zelaian erakutsitako jarrerareagaz jokatuta golak be etorriko dira.

Final bat balitz lez ekin eutson Athleticek Espanyolen aurkako partiduari, aurreko jardunaldian Atletico de Madriden zelaian galdu ostean. Lehia garrantzitsua izan arren, inoiz baino zale gitxiago batu ziran Katedralean. Kezkagarria benetan. Garitanok ez eban ia aldaketarik egin -Yeray Nuñezen ordez- Metropolitanon zelairatu eban hamaikakotik. Taktikoki, ostera, aldaketa garrantzitsua egin eban erasoko egituran: Williams eskoiko aldera bialdu eban, Raul Garcia aurreratu eta Iker Muniain erdiratu. Athleticeko entrenatzailearen maniobrea eraginkorra izan zan oso eta zuri-gorriek ondo bideratuta itxi eben garaipena hamazazpigarren minuturako. Hortik aurrerakoa ez zan ikusgarria izan baina Garitanoren taldeak ez eban askorik sufridu aldeari eusteko.

Dinamika negatiboari agur esan izanak emondako hauspoagaz ekin eutsoen zuri-gorriek Vila-realen aurkako partiduari eta barriro erakutsi eben talde sendoa dirala. Izan be, etxeko taldeak ezin izan eban golik sartu bere estadioan jokatutako azken hogeta lau partiduetan golen bat sartu ostean. Unai Simonek ederto biribildu eban taldekideek egindako lan serioa. Kontuak kontu, amiltegira hurreratzen egotetik sailkapeneko goialdera begira egotera igaro da Garitanoren taldea lau egunetan.