Abertzale munduan suelto dabil zurigarria: “guk geure lana egin genuen, botoak Podemoskoek eta Izquierdakoek galdu dituzte”. Egia erdia baizik ez da hori. Galdutako boto horiek indar abertzale eta euskaltzaleek bereganatu behar zituzten Aldaketak segida izan zezan. PSNk irabazi zituen, ordea. Horregatik gaude gauden honetan. Ez dakit akatsa zein izan den. Mezua bera, mezua bideratzeko bitartekoa, edo kontrako mezuak isilarazteko ezina. Kontuak merezi luke minutu bateko gogoeta. Ez da ertz bakarra, hala ere. Inoiz ezagutu ditugun gobernurik hoberenak izan ditugu azkeneko lau urtean, bai Nafarroako Jauregian bai Iruñeko Herriko Etxean. Alabaina, logika guztiaren kontra, epe berean deus guti zabaldu dituzte beren oinarriak bi gobernuak sostengatu dituzten alderdiek. Euskal Herria Bilduk antolakunde ederki olioztatua du Nafarroa ia osoan. Ezagun du udaletara aurkeztutako zerrenda kopuruan, beren ekitaldien inguruan mugiarazten duen jendetzan eta politikaren lehen mailara eramateko moduko jendeaz hornitzen duen harrobian. Boto sabai bat du, alabaina, eta sabai hori hautsi ezinik dabil aspaldi handitik. Pentsa-tzekoa da iraganaren zamaz arindu ahalean erosoagoa izanen zaiola gorako martxa, baina ez da gauza segurua. Bertzelako arazoak ditu Geroa Baik. Inork ez duen kapitala dauka, Uxue Barkos, jarduneko lehendakaria. Antolakundez, berriz, hankamotz dabil. Barkos aurkezten delarik botoak aparrak bezala egiten du goiti. Barkos ez denetan bertzerik dira gauzak. Inok boto “likidorik” badu, horixe Geroarena. Udal hauteskundeetan, lehenago alkatea zeukan tokietan izan ditu orain emaitzarik hoberenak, Altsasukoa lekuko. Buruzagi lokal sendorik ezean, Bildura doaz haren botoen erdiak, Iruñean bezala. Etorkizunean udaletara edo are Parlamentura jendea abiarazteko harrobia auskalo non duen koalizioak. Hori guztia aldatu ezean, etorkizunik ez Geroa Baik.