madarikazio bibliko bat dirudi. Astro guztiak gure kontra lerratuak. Edo konplota. Esku beltz bat, ongi antolatua, mendez mende azpilanean. Guztia, mutuak izaten segi dezagun. Hoberenean ere, hitz-motelak. Burua ager ez dezagun. Bazterrean egon gaitezen sekulako. Ikusezin. Entzunezin. Oroitu: euskal literatura ez zen euskaldun gehien zituen herrialdean sortu. Euskaldunen hiri buruzagia ere ez zen inoiz euskal kulturaren hiriburu gertatu. Nafarrera ez zegoen, ezin-eta, Kanpion nafarraren lau literatur euskalkien artean. Pizkundearen argiak beranduago eta mantsoago piztu ziren noizbaiteko erresuman. Eta gerla ondoak are ilunago eta are sakonago zulatu zituen katakunbak laureadak ihartutako basamortuan. Juxtu-juxtu harrapatu genuen bigarren pizkundearen trena. Eta orduan ere, ez sobera emankor. Guztia kontra bai-tzegoen. Edo gehiena. Baina, hara, gehiena kontra izanagatik sortu ziren hemen idazleak eta eragileak, argitaletxeak eta kultur plataformak, hedabideak eta topalekuak. Hara non, orain ez gara hain mutu, motel mintzatzen segitzen badugu ere. Burua agertu dugu, nahiz eta bazterretik izan. Madarikazioa, ordea, ez da gutaz ahantzi. Esku beltza lanean ari da oraino, segan. Joxemiel Bidador 40 urte bete gabe zituela ebatsi zigun Heriok 2010ean. Mailukada baten gisara sentitu genuen auni-tzek saiogile, ikertzaile, dantzari eta poeta iruinxemearen heriotza. Saminki erreboltatu ginen orduan, aunitz eman baitzezakeen oraino bere bizi laburrean hainbertze egin zuenak. Kasik 10 urte geroago, kexu bera dabilkigu, sumin bera. Inork nahi ez duen bisitaria hartu du Jon Barberenaren etxeak. Bidadorren adina zela gelditu da bertsolari, poeta eta artikulugile elizondarraren bihotz emankorra. Ingurukoek bera izanen dute falta. Urrunagokoek, egin gabe utzi duen guztia.