Gaurkoa lagun hurko bati doakio: Iñigo Kamino Gartziari. Lagun minak, elkarrengana belutxo etorriak izan baginen ere. Zuotako askok esango didazue “Camino” dela, baina nik, “Kamino” idazten dudanean, ez dut ipintzen “c” “k” bihurtzearren, ezpada gaztelaniazko “camino” hori ez delako euskarazko “kaminoa”. Hau da, kaminoa, Bizkai-Gipuzkoetan behintzat, gaur egungo euskara batuko errepidea da. Hau da, adierazia askozaz zabalagoa eta aberatsagoa da adierazlea baino. Gora Louis Hjelmslev daniarra!
Eta “Gartzia” ipini dut, ez “García”, zeren “Gartzea” baita euskarazko jatorrizko forma. Iñigo, Eneko, Inazio batera doaz euskal santurik handienaren izenarekin. Ondarroako Likona etxeko amaren semea Bizkai-Gipuzkoen patroia da. Iñigo, hauek ez dira edozein euskaldunek aipa ditzakeen aitoren semetasunaren aipuak. Zure aita-amen euskalduntasunaren zuzterrek, berriz, zeu zuztartu zaituzte zugan, zure ingurukoengan eta zure ondorengoengan.
Gaur, Jaungoikoaren graziako bi mila eta hogeita bosgarren urteko uztailaren seian, Santa Maria Gorettiren egunean, zu jaio zinen egunaren hirurogeita hirugarren urteurrenean, edo horren inguruko egun batean, gonbidatuko gintuzun betiko lagunok zeozer hartzeko. Aurten Euzkaditik kanpo nago eta ezin izango naiz azaldu, baina nire gogoa zugan egongo da. Badakit askorentzat kirikiñoa zarela, barrukoia zara-eta. Badakit, zure izaeragatik beharbada, jendeak ez zaituela begiratu batean begiko hartuko.
Badakit, hala ere, jendeak zu zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta gehiago estimatzen zaituela. Jende askok ez du jakingo zergatik hasi nintzen zezenketen gainean “Deia”n euskaraz idazten. Bada, zu zeu izan zinen eragile nagusietako bat, Sabin Etxean “Noticias” taldeko beste zuzendari batzuekin batera. Horregatik ere bihotzean zaitut, Iñigo, barren-barrendik estimatzen zaituztet zure emazte Amaia, zure seme Josu eta zu zeu. Santa Maria Goretti italiarrak lagunduko ahal dio Begoñako Amatxoari gu babesten! Hala biz!