nartzen dut, nire ikuspegia kutsatua dago. Hogeita bi lagun pilota baten inguruan ostikoka ikusteak ez dit inongo zirrararik sortzen. Ikuskizun gisa, aspergarri egiten zait zelaian gertatzen dena, eta durduzagarri, harmailetakoa. Pertsona ustez normal batzuengan halako gertakari batek aurretik, bitartean eta ondoren eragiten duen antzaldatzeak duda handiak sorrarazten dizkit giza kondizioaz. Hartara, ez dut neure burua ispilaturik ikusten inongo hamaikakotan, nire hiriko, erkidegoko edo herriko ikurra paparrean eramanik ere. Erran gabe doa, ahaleginak egin behar izaten ditut ulertzeko jende batzuen harrotasuna beste batzuek lortu duten garaikurra halako armairu batera ailegatu dela jakitean. Berez, futbolzale ez garenoi maldatsu egiten zaigu euskarazko telebista publikoa ikustea. Delako kirola maite izanagatik, Real-zale edo Athletic-zale ez direnek ere nazka-nazka eginda bukatuko zuten egun hauetan ETBri begira. Gaizto pentsatzera, Makiaveloren bat imajinatzen ahal dugu, ahaleginetan, errege koparen zorioneko finala Aberri Egunaren bezperan egin zedin. Inork nahi baldin bazuen herri gisa ditugun gabezia, kontraesan eta ezinak azaleratu, ez zuen modu zitalagorik aukeratuko. Larunbatean emaitza edozein izanda ere "denok irabazle" gertatuko ginela sinetsarazi nahi izan digute egun hauetan kirol kazetari eta lider politikoek. Egun horretan, ordea, probintziakeriak eta nazio ikuspegi motz eta kostazentristak irabazia zuten partida, jokalariak zelaira atera baino lehen. Gure irudiari ere ez zion on handirik eginen bi ekipoen agurretan ikusi genituen imajinek. Ze covid eta ze deabru, denak besoz beso, gora nireak, kaka besteentzat. Herri honetako seme-alabak edozein tokitakoak bezain memeloak izaten ahal direla argi utzi zuten, behintzat. Tira, bukatu da amesgaiztoa. Bake ederra eman dute. Pentsatzen hasia naiz, herri honetan, Alaveskoa izatea da benetako disidentzia.